urtzi urkizu
Donostiako 66. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Maite zaituztet oraindik

2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Zinemaldiko Euskal Herriko ekoizpenen izenburuak erabilita, bertso bat kantatu dut asteburuan Zurriolako butaka saioan, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin. Hona: «Beste egun batez, bizirik gaude/ Jainkoak barka ezina/ basque selfie batek ez du lortuko/ aldatzea azal fina/ 592 metroz/ goiti zegoen oreina/ ta dantzan zen, alajaina/ bihar dok 13ren zaina/ dilistakin esnegaina/ oilar surflari margolariak/ lady off-ek duen mina/ gure oroitzapenetan beltzak/ errementari bagina».

Bertso munduko une goren bat entzun daiteke Fermin Muguruzaren Black is Beltza animaziozko lanean: 1967ko ekainaren 11n, Bertsolari Txapelketa Nagusian, Xalbadorrek kantatu zuena. «Txistuak jo dituzue bainan/ maite zaituztet oraindik».

Muguruzaren zinta milaka erreferentziaz beteta dago, musikariaren obsesio guztiak pilatuta, eta lisergiko bilakatzen denean lortzen ditu une goren batzuk. Musikaren bitartez ere bai. Erreferentzia ugarien entsaladan barneratuta, gozamena da eskaintza. Nahiz eta, agian, gidoian arrakala txikiren bat izan azken partean.

Another Day of Life animaziozko lan bikainak irabazi du Publikoaren Saria, eta bide oparoa izan dezake ekoizpenak nazioartean.

Oreina-k ere egin dezake bide polita gure mugetatik at. «Askorentzat film luze bat egin arte, ez zara inor», irakurri berri diogu Koldo Almandozi. Zinemaldian euskal ekoizpen onenaren Irizar saria eramanda, askorentzat izango da nor aurrerantzean. Hamabost herri eta hiritan duzue ikusgai Oreina. Lan biziki interesgarri eta ongi egina. Joan ikustera, benetan baita fina. Zinemako bertsolari modernoa da Almandoz. Eta irudika dezaket kritika ezkorren bati erantzuten: «Maite zaituztet oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.