HILBERRIA. Tomi Ungerer

Haur zein helduentzako, harrigarri

ROLF HAID / EFE.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
New Yorkeko Harper and Row argitaletxeko Ursula Nordstromek Melloptarrak hegan doaz argitaratu zionean, 1957an. Orduan hasi zen ofizialki Tomi Ungerer alsaziarraren karrera. 1931n jaioa zen, Estrasburgon, eta III. Reicharen dotrinapeko hezkuntza eta ondorengo frantses askatzaileen hezkuntza glotozida eta iseka —alsaziar kutsuarekin hitz egiteagatik—nozitu zituen.«Gerra ostean ikasi nuen zer den gutxiengo bateko kide izatea. Frantsesak etortzean Alsazian bizitza zoragarria izango zela pentsatzen zuten denek. Eta ez zen hala izan, ez horixe». 15 urte zituenean, grebak antolatzen zituen eskolan, atseden orduan alsazieraz hitz egiten ez zietelako uzten ikasleei. «Alsaziar identitatearekin jaioa naiz». Alsazieraren galeraz kezkatuta agertu ohi zen, eta iaz elkarrizketa batean erantzun zuen: «Alsaziak ez du ezer esan nahi jada. Ez dago Alsazia gehiagorik. Aspaldi, Ekialde Handian, Errusian zen. Frantzian da egun». Eta, tartean, Alemanian —1870eko Gerra Franko-Prusiarraren ondoren—, Frantzian —Lehen Mundu Gerraren ondoren— eta III. Reichean, hurrenez hurren.

Frantses herritar bihurtua zela, eskolatik bota zuten. Ikasketak bukatu artean Europan zehar bidaiatzeko beta hartu zuen. Baita bere bizipenak marrazkietarako lehengai bihurtzekoa ere. Oso haur zenetik. Suharra izaten segitu zuen. Hala heldu zen AEBetara 1956an, itsasoz, 60 dolar patrikan eta marrazki sorta besapean.

Haurrentzako dozenaka liburu argitaratu zituen hurrengo hamar urteetan. Batzuk, arrasto sakona utzi dutenak: Crictor, Adelaide, Emil, Hiru bidelapurrak eta Rufus, esaterako. Aldi berean, Esquire, Life, The New York Times eta beste hainbat argitalpen ezagunetan plazaratu zituen bere ilustrazioak. Afixagile ere bihurtu zen 1960ko urteetan, eta arrazaren araberako segregazioaren eta Vietnamgo gerraren aurka nabarmendu. Iraultza sexualaren lekuko zuzena izan zen, eta 1969an Fornicon argitaratu zuen, sexuaren mekanizazioa irudi erotiko ironikoz betea. Gehiegi AEBetarako. Ungererren haurrentzako lanen aipamenak desagertu egin ziren prentsatik, aleak ere bai zenbait liburutegitako apaletatik. Ateo dislexiko hura persona non grata bihurtu zen, eta Kanadara jo zuen 1971n. 1972an, Alemaniako Alderdi Sozialdemokratakoburu Willy Brandten hauteskunde kanpaina diseinatu zuen. 1976an, Irlandan ezarri zen.

Hans Christian Andersen sari ezaguna eman zioten 1998an, haur literaturako bere lanengatik. Sekula ez zien haurrei errealitatearen gordina ezkutatu bere lanetan. Gozotasuna eta umorea zerabiltzan bere istorioetako alde garratzak eta tristeak orekatzeko.

2007an, Tomi Ungerrer Museoa zabaldu zuten Estrasburgon. Atzo goizaldean hil zen, Corken (Irlanda). 140 liburu inguru eta 40.000 irudi utzita. «Nire bizitzako triangeluaren hiru ertzak zeintzuk diren? Suhartasunarena da bat; diziplinarena bestea; pragmatismoarena hirugarrena», zioen. 40tik gora hizkuntzatara itzuli dira haren lanak. Euskaraz, hiru lan irakur dakizkioke: Koldo Izagirrek itzulitako Hiru bidelapurrak (Kalandraka, 2007), Itxaro Bordak itzulitako Zeraldaren erraldoia (Ikas, 2011) eta Ainhoa Irazustabarrenak itzulitako Lagun berriak (Kalandraka, 2018).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.