HILBERRIA. Tomi Ungerer

Haur zein helduentzako, harrigarri

ROLF HAID / EFE

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko otsailak 10
New Yorkeko Harper and Row argitaletxeko Ursula Nordstromek Melloptarrak hegan doaz argitaratu zionean, 1957an. Orduan hasi zen ofizialki Tomi Ungerer alsaziarraren karrera. 1931n jaioa zen, Estrasburgon, eta III. Reicharen dotrinapeko hezkuntza eta ondorengo frantses askatzaileen hezkuntza glotozida eta iseka —alsaziar kutsuarekin hitz egiteagatik— nozitu zituen. «Gerra ostean ikasi nuen zer den gutxiengo bateko kide izatea. Frantsesak etortzean Alsazian bizitza zoragarria izango zela pentsatzen zuten denek. Eta ez zen hala izan, ez horixe». 15 urte zituenean, grebak antolatzen zituen eskolan, atseden orduan alsazieraz hitz egiten ez zietelako uzten ikasleei. «Alsaziar identitatearekin jaioa naiz». Alsazieraren galeraz kezkatuta agertu ohi zen, eta iaz elkarrizketa batean erantzun zuen: «Alsaziak ez du ezer esan nahi jada. Ez dago Alsazia gehiagorik. Aspaldi, Ekialde Handian, Errusian zen. Frantzian da egun». Eta, tartean, Alemanian —1870eko Gerra Franko-Prusiarraren ondoren—, Frantzian —Lehen Mundu Gerraren ondoren— eta III. Reichean, hurrenez hurren.

Frantses herritar bihurtua zela, eskolatik bota zuten. Ikasketak bukatu artean Europan zehar bidaiatzeko beta hartu zuen. Baita bere bizipenak marrazkietarako lehengai bihurtzekoa ere. Oso haur zenetik. Suharra izaten segitu zuen. Hala heldu zen AEBetara 1956an, itsasoz, 60 dolar patrikan eta marrazki sorta besapean.

Haurrentzako dozenaka liburu argitaratu zituen hurrengo hamar urteetan. Batzuk, arrasto sakona utzi dutenak: Crictor, Adelaide, Emil, Hiru bidelapurrak eta Rufus, esaterako. Aldi berean, Esquire, Life, The New York Times eta beste hainbat argitalpen ezagunetan plazaratu zituen bere ilustrazioak. Afixagile ere bihurtu zen 1960ko urteetan, eta arrazaren araberako segregazioaren eta Vietnamgo gerraren aurka nabarmendu. Iraultza sexualaren lekuko zuzena izan zen, eta 1969an Fornicon argitaratu zuen, sexuaren mekanizazioa irudi erotiko ironikoz betea. Gehiegi AEBetarako. Ungererren haurrentzako lanen aipamenak desagertu egin ziren prentsatik, aleak ere bai zenbait liburutegitako apaletatik. Ateo dislexiko hura persona non grata bihurtu zen, eta Kanadara jo zuen 1971n. 1972an, Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako buru Willy Brandten hauteskunde kanpaina diseinatu zuen. 1976an, Irlandan ezarri zen.

Hans Christian Andersen sari ezaguna eman zioten 1998an, haur literaturako bere lanengatik. Sekula ez zien haurrei errealitatearen gordina ezkutatu bere lanetan. Gozotasuna eta umorea zerabiltzan bere istorioetako alde garratzak eta tristeak orekatzeko.

2007an, Tomi Ungerrer Museoa zabaldu zuten Estrasburgon. Atzo goizaldean hil zen, Corken (Irlanda). 140 liburu inguru eta 40.000 irudi utzita. «Nire bizitzako triangeluaren hiru ertzak zeintzuk diren? Suhartasunarena da bat; diziplinarena bestea; pragmatismoarena hirugarrena», zioen. 40tik gora hizkuntzatara itzuli dira haren lanak. Euskaraz, hiru lan irakur dakizkioke: Koldo Izagirrek itzulitako Hiru bidelapurrak (Kalandraka, 2007), Itxaro Bordak itzulitako Zeraldaren erraldoia (Ikas, 2011) eta Ainhoa Irazustabarrenak itzulitako Lagun berriak (Kalandraka, 2018).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna