Urriko azken astelehena Gernika-Lumon

Azkena eta berezia izaten den astelehena

Gernika-Lumoko azokarik bereziena egingo dute bihar. 333 salmenta postu jarriko dituzte herriko kaleetan, eta gazta ekoizleek izango dute presentziarik nabarmenena
Garaian garaiko produktuak ikusi eta dastatzeko aukera egongo da Gernika-Lumon bihar.
Garaian garaiko produktuak ikusi eta dastatzeko aukera egongo da Gernika-Lumon bihar. ARITZ LOIOLA / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko urriak 28
Urria hilabete berezia izaten da Gernika-Lumon (Bizkaia). Astelehenero azoka egiten dute han, eta inguruko ekoizleen plaza izaten da, baina urriko astelehenak ez dira gainerako astelehenak bezalakoak izaten. Lehena eta azkena, zehazki, bereziak dira, eta, horregatik, azokak ere bereziak egiten dituzte bi astelehen horietan. Lehenean, ganadu azoka egiten dute, eta baita abere onenen lehiaketa ere, eta, azkenekoan, gauza bera egiten dute barazki, elikagai eta eskulangileekin. Hala ere, bien artean bereziena azkena izaten da, eta jendetza joan ohi da elikagaiak erosi, ikusi eta dastatzera. Giroa sortzen du horrek, eta bizkaitar askorentzat urriko azken astelehena ez da alfergurarekin lotzen. Festarekin baizik.

Hori horrela dela konturatzeko, ikusi besterik ez dago joan den urtean zenbat jende bildu zen Busturialdeko herri horretan. Udalak emandako datuen arabera, 88.000 pertsona joan ziren Gernika-Lumora. Eta hori iaz eguraldi txarra egin zuela, eta salmenta aldetik ohi baino urriagoak izan zirela kexatu zirela saltzaileak. Aurten, gainera, badirudi iazko urteko lepotik joan daitekeela burua, Euskalmetek euria iragarri baitu biharko.

Hala ere, barazki ekoizleentzat, gaztagileentzat, bestelako elikagaien ekoizleentzat, txakolin eta edozein motatako edarien egileentzat eta eskulangileentzat ezinbesteko azoka bat da urriko azken astelehenekoa. Milaka pertsona biltzeak salmentetan eragina izan ohi baitu. Eta ekoizleen artean duen harreraren lekuko izan daiteke salmenta postuen zenbatekoari begiratzea. 333 postu egongo dira bihar Gernika-Lumon, udalak ohar bidez jakinarazi duenez; iazko kopuru bera. Hala ere, azken urteetan gero eta salmenta postu gehiago daude: duela bi urte baino bat gehiago jarriko dute, baina duela hiru urte baino hogei gehiago. Datu horretan ikus daiteke saltzaileentzat zer garrantzi daukan azokak.

Ekoizleen artean gehienak gaztagileak izango dira, beste urtebetez. Urriko azken asteleheneko azoka gaztarena ere bai baita. 52 ekoizle izango dira bihar han, eta sariketa egingo dute eguerdian. Eta beste urte batez lehiaketaren ostean egingo den enkanteak ikusleen begiradak erakarriko ditu Merkurio iturriaren parean jarrita egongo den agertokira. Gazta lehiaketan lehen bi sariak lortu dituzten gazta erdiak enkantera aterako dira. Iaz, esaterako, gazta erdi bategatik 6.500 euro ordaindu zituen Ramon Bilbao upategiak.

Gazta salduko duten 52 postu egongo dira, baina baita bestelakorik ere. Eskulangileen beste 50 salmenta gune egongo dira, beste 45 barazkiena, eta hemeretzi txakolinena. Euskal pastela eta ogia salduko duten 42 postu izango dira, kontserben hamahiru, hamasei makineria saltzeko, beste zortzi frutekin, lau postutan eztia, seitan sagardoa, bost mahaitan erroskilak, zazpitan pateak, eta beste hamasei postutan denetariko produktuak. Zerrendari begirada bat emanda ikusi daiteke, beraz, eskaintza ugaria eta askotarikoa izango dela bihar Gernika-Lumon.

Epaimahai askotarikoa

Lehiaketa ugari egingo dira bihar. Besteak beste, azokan erakutsiko diren barazki, fruta, ezti, txakolin eta gazta onenak zein diren ebatziko da. Gazta lehiaketan produktu hori dastatu eta epaitzeko, sukaldari ezagunak gerturatuko dira, gainera, Gernika-Lumora. Han izango dira, esaterako, Bascookeko Aitor Elizegi, Jauregiberria jatetxeko Beñat Ormaetxea, Zortzikoko Daniel Garcia, Zallo Berriko Iñigo Ordorika eta Neskutz Aranzabal, Yandiolako Ricardo Perez, Zarate jatetxeko Sergio Ortiz de Zarate eta Aisiako Txemi Arrizabalaga. Bizkaian urteko azoka garrantzitsuenetarikoa izaten da hori, eta bertako produktu onenak aukeratzeko ere sukaldari garrantzitsuenetarikoak joango dira horregatik bihar Gernika-Lumora.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna