Koronabirusa

ZIUetan azken bi hilabeteetako gaixo kopururik txikiena dago

Hego Euskal Herrian 108 lagun larri daude ospitaleratuta gaitzarengatik. 407 positibo atzeman dituzte, eta %4 da positibo tasa

Gurutzetako ospitaleko ZIU gela bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Otsailaren hasieratik aurrera, gero eta arinagoa da Hego Euskal Herriko erietxeen gaineko presioa. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuek erakusten dute erietxeetan sumatzen ari dela tentsioa apalduz doala. Guztira 385 pertsona daude Hegoaldeko ospitaleetan erietxeraturik gaitzarengatik. Otsailaren 1ean 974 ziren. Zehazki, egun ospitalean dauden 385 lagunetatik 277 erietxeetako gela arruntetan daude, eta 108, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Aurreko eguneko datuen aldean, bi lagun gutxiago daude unitate horietan, eta, hain zuzen, urtarrilaren 17az geroztik Hegoaldean erregistratu den daturik apalena da Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emandakoa.

Herenegun 53 pertsona ospitaleratu zituzten gaitzaren sintomak larriagotuta Hego Euskal Herrian; Nafarroakoak dira horietako zazpi, eta Araba, Bizkai edo Gipuzkoan erietxeratuak dira gainerako 46ak. Azken hamalau egunetan batez beste eguneko 43 pertsona erietxeratu dituzte gaitzarengatik Hegoaldean.

Birusaren transmisioari buruzko azken datuei dagokienez, herenegun 407 positibo atzeman ziren Hego Euskal Herrian egindako testetan. Guztira, 9.990 proba egin zituzten ostiralean; beraz, %4 da positiboen ehunekoa. Nafarroak du kutsatze daturik apalena, 52 positibo zenbatuta, eta hango positibo tasa ere txikia da: zehazki, 1.857 proba diagnostiko egin zituzten herenegun, eta horietatik %2,8k eman zuten positibo.Gainerako lurraldeei dagokienez, Araban 56 kasu detektatu dituzte; Gipuzkoan, 100; eta Bizkaian, 188. Beste hamabi EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzeman dituzte.

Horrez gainera, ostiraletik aitzina ere izan dira birusarekin lotutako heriotzak. Nafarroako Gobernuak egunero ematen du horien gaineko datua, eta, haren arabera, azken orduetan pertsona bat zendu da herrialdean. Gobernuak zehaztu duenez, hildakoa 65 urteko emakumezko bat da.

Txertaketa

Txertaketa prozesuari dagokionez, bihartik aurrera NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kiroldegian 80 urtetik gorakoak txertatzen hasiko dira. Datorren astean adin tarte horretako 3.570 pertsona txertatzea aurreikusi du Nafarroako Gobernuak. Datozen egunetan, gainera, beste gune batzuk egokituko ditu txertaketa prozesuarekin jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.