Arantza Gutierrez Paz.

Haurren kontrako indarkerian, inpunitaterik ez!

2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Urteak igaro eta gero, egun batean barrua hustu behar izan zuen terapeuta baten aurrean. Txikitan jasandako sexu-erasoek eragindako kaltea nonbait ezkutuan zuen, atera ezinik. Denboraren distantziatik ulertu ditu bat-batean bere beldurrak, urduritasunak, ihesak... eta, bereziki, gurasoekiko harremana. Orain ohartu daamak eta bere inguruak sinetsi eta babestu nahi izan zutela, eta aitak eta berak, ordea, bizkarra eman, gezurra eraiki eta «garaikur» modura baliatu zutela auzi izugarri hura guztia. Ez da ipuin bat, zoritxarrez, ez eta gertakari bakana ere, gizarte patriarkal honen ezaugarri bat baizik.

Europako Kontseiluak dioenez, bost haurretik batek sexu-indarkeria jasaten du Europan; Estatu espainiarrean, neskatoen % 23k eta mutikoen % 15ek. Baina errealitatea datu horiek baino izugarri gordinagoa da, askoz ere gehiago baitira haurren kontrako erasoak. Zergatik diogun hori? Oso gutxitan salatzen dira horrelako erasoak epaitegietan, askotan lege eta justizia patriarkalaren aurpegi gogorrenarekin topatu eta, zoritxarrez, ohikoa izaten da erasotzailea absolbitzea... Frogak baliogabetu, haurren kontakizunen aurrean entzungor egin, kontu teknikoak eta bermeak gora eta behera, joko eta interpretazio maltzurrak, in dubio pro reo, eta abar...askotarikoak dira erasotzaile eta bortxatzaileak errugabe ateratzeko egungo lege eta justizia sistemak irekitzen dituen ateak.

Behin absoluzio-ebazpena jasota, erasoak, bortxaketak jasan dituzten haurraren eta ingurukoen ezintasuna, ezinegona, amorrua, mina... datoz. Erasotzailea gezurren zein mehatxuen bidez, inolako eskrupulurik gabe babestu dutenek eta, arrazoi batengatik edo besterengatik, beste alde batera begiratuz erosoago sentitu direnek, «egia judiziala» goraipatzen dute, beste kasu batzuetan (Sanferminetako manada, Altsasuko gazteak, eta abar) bestelako iritzia izan arren.

Bagara, hala ere, hasieratik, #niksinestendizut esaten tematu garen asko eta asko. Justizian sinetsi nahiko genuke, baina huts egiten digu, behin eta berriro. Garbi erakutsi digute gertutik ezagutu dugun kasu bat zelan joan den ikusita, eta beste askotan ere antzera gertatzen dela ohartuta, besteak beste, ez dagoela emakumeentzako justiziarik, ez eta haurrentzako justiziarik ere.

Hemen gaituzu, txikitxu, gizartearen aurrean zure egia defendatzeko prest, ez baitugu nahi urte batzuk barru, gertatu zaizunari zuk zeuk helduon hitzak jartzen dizkiozunean, inoiz bakarrik egon zarela pentsa dezazun. Guk zuri sinetsi dizugu, zu babestu nahi zaitugu, lehen, orain eta beti, beldur baikara «in-justiziak» haurtzaroa zapuztu dizunaren atzaparretan utziko zaituela, beste norabait begiratzen duen gizartea lasaitu aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.