Bide iluna argitzera

Europako Batasunean sartu ondorengo lehen boz eguna dute gaur Kroazian, presidentea hautatzeko.

Josipovic da faborito, ekonomia alde ez badu ere.

Konstituzioa aldatuko duela dio

Oihan Vitoria -

2014ko abenduak 28
Zakukada bete arazo ekonomiko dauka arrastaka Kroaziak. 2009. urtean hondoa jo zuenetik, arrapaladan joan dira egoera iraultzeko ahalegin guztiak, eta gobernua ezinean ari da oraindik, %18 inguruko langabeziarekin zer egin asmatu ezinda. Justuki, ekonomia kontuak erdigunean ipinita egingo dituzte gaur presidentetzarako hauteskundeak, Europako Batasunean sartu osteko lehenak.

Inkestek aurrez aurrekora mugatu dute lehia, eta profil aski ezberdineko bi hautagai jo dituzte bozak irabazteko faborito. Batak oratoria pausatua darabil, agnostikotzat du bere burua eta legelari eskarmentuduna da; egungo presidentea izateaz gain, SDP Alderdi Sozialdemokratako hautagaia da: Ivo Josipovic. Besteak, berriz, diskurtso tradizionalagoa dauka, eta Kroaziako presidentetzara iristen den lehenbiziko emakumea bilakatzea du jomuga; HDZ Kroaziako Batasun Demokratikoko hautagaia, Atzerri ministro ohia eta NATOn karguduna da: Kolinda Grabar-Kitarovic.

Azken inkestetan, Josipovicek aurrea hartu dio hautagai eskuindarrari: botoen %46,5 lortu, eta hamar puntu baino gehiagoren aldea aterako lioke Grabar-Kitarovici (%35). Inkesten esanetan, halere, egungo presidenteak ez luke eskuratuko berriz hautatua izateko behar besteko gehiengoa (botoen erdiak baino gehiago). Atzerago geratuko lirateke etxe kaleratzeen aurkako elkarteko Ivan Sincic (%9) eta Milan Kujundzic eskuindarra (%7). Hori hala, bigarren itzulia espero da bi aste barru; urtarrilaren 11n.

Konstituzioaren aldaketa promesa nagusitzat hartuta egin du kanpaina Josipovicek. Bide zuzena hau da leloa erabili du, eta «bigarren errepublika» aldarrikatuko duela hitzeman du. Kroazia haren eskutik sartu zen iaz Europako Batasunean, eta bide horri eutsi nahi dio, agintaldia beste bost urtez luzatzeko. Atzeralditik irteteko ezinak Josipovicen alderdiaren irudia belztu badu ere, ez dirudi beste hautagaiek itzal egin diezaioketenik. «Edalontzia erdi betea, eta ez erdi hutsa» ikusten du Kroaziako presidenteak; %0,2ko hazkundea espero baitu, sei urteko galeren ondoren. Presidenteak ez dauka ekonomia gaietan jarduteko eskumenik, baina sozialdemokraten gobernuak herritarren artean daukan sostengua erakusteko proba dira gaurko bozak—2015ean dira parlamenturakoak—.

Nazionalismoa eta gerra

Herrialdea modernizatzeko eta deszentralizatzeko asmoa agertu du Josipovicek. Erreforma judiziala eta murrizketak iragarri ditu administrazioan, erakunde publikoen eta kargudunen kopurua gutxitzeko. Hori egin ezean, krisi ekonomikotik irteteko modurik ez dagoela dio. Haren hitzetan, gazteak dira giltza: «1941eko eta 1991ko gatazkez tutik ere ez dakien gazte belaunaldi oso bat daukagu, kezka bakartzat lana topatzea daukana. Haiengandik ikasi nahi dut, haiekin bizi eta eraiki nahi dut etorkizun partekatu eta emankor bat».

Kontrara, diskurtso nazionalista egin du Grabar-Kitarovicek: «Immigranteek ez, guk bakarrik, kroaziarrok, gure esfortzuarekin lortuko dugu aurrera egitea, eta Kroazia dagokion tokira eramatea». Krisiaren aurrean «porrota» ez onartzea leporatu dio Josipovici. Egungo presidentearen «patriotismorik eza» eta «traizioa» ere salatu ditu, «ezkutuan» batzartu delakoan Serbiako agintariekin.

Josipovic izan da hautagai bakarra gaitzetsi egin dituena apaiz katoliko batek berriki serbiarren aurka egindako adierazpenak. Grabar-Kitarovicek, hain zuzen, Josipovic bera kritikatu du horregatik, eta «biktimen duintasuna zapaltzea» leporatu dio. Kroaziak 1995ean lortu zuen independentzia Jugoslaviatik, lau urteko gerraren ondoren. Kroaziarren eta serbiarren indarrek elkarren aurkako garbiketa etnikoa egin zuten, eta gerraren amaieran Kroaziako serbiar gehienek ihes egin zuten Serbiara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna