Arrauna

Biribildu gabe, kolpea besteei

Oriok laugarren bandera irabazi du Eusko Label ligan, Donostian, zazpigarren jardunaldian, traineru berria estreinatuta eta hutsegite batzuk eginda. Hamaika puntuko koska ireki dio Hondarribiari

Orioko patroi Gorka Aranberri, besoak igota, atzo Donostian aurtengo ligako laugarren bandera lortu dutela ospatzen. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Hori da hori, Orio, eta horia da Orio. Arraunzaleari kolore horia parean jarriz gero, berehala etortzen zaio Orio gogora. Identifikazioa berehalakoa da, eta jakina da zer dagoen horren atzean: klubaren historia luze bezain oparoa. Etenik gabe handitzen ari da garaipen zerrenda, eta, Eusko Label ligak horrela segitzen badu, zaleari azkar etorriko zaio burura kolore horia ligari buruzko aipamen bat entzutean. Atzo ere bandera Oriok irabazi baitzuen, non eta Donostian, hain kuttuna duen eremuan. Zazpigarren jardunaldia zuen ligak, eta laugarren bandera eskuratu zuen Jon Salsamendiren arraunlari taldeak. Zazpi estropadetatik lautan izan da azkarrena, eta soilik Hondarribiak [bitan] eta Santurtzik hartu diote aurrea. Hiru egun horietan, horiak bigarren izan ziren bi bider, eta hirugarren behin. Ez du hutsik egiten emaitzetan, eta horregatik doa buruan ligan.

Liderra izanik, azkeneko txandan atera zen atzo Orio. Bigarren kaletik, eta traineru berriarekin. Hilabete-edo bada Amilibia ontzigilearen ontzia klubean dela, eta entrenamenduetan badarabilte ere, atzo arte ez zuen Salsamendik lehian ateratzeko erabakia hartu.

Itsasoa jostari zegoela ikusita, arraunerako baldar, ez zuen egunik onena ematen estreinaldia egiteko, baina azalpen erraza du entrenatzailearen erabakiak: itsasoan beldurgarri azkar dabil San Nikolas berria. Atzoko baldintzetarako ere egokia zelakoan uretaratu ziren langai berriarekin oriotarrak, eta entrenamenduetako abiadura bertsuan jarri zuten ontzia arraunlariek eta Gorka Aranberri patroiak.

Ia estropada osoan izan zen buruan geroko garailea, nahiz eta gerra eman zioten Zierbenak, lehen kaletik, eta Santutzik [Cristian Garma patroi zuela atzo], hirugarrenetik. Lehen bi kaleak ziren onak kanporako aurreneko metroak egiteko, ekialdeko olatuei aurre egiteko babesa ematen zielako lehorrak. Behin babesa galduta, parekatu egiten ziren baldintzak kanpoko bi kaleekin, eta Santurtzi Oriotik hiru segundora zegoen lehen ziabogan; Zierbena eta Hondarribia, bostera.

Poparean, itsasoaren eta olatuen norabidea baliatzeko, istribor aldera jo zuten lau taldeek, eta Zierbena Oriotik hiru segundora zegoela, gutxi behar izan zuen Bizkaiko taldeak Gipuzkoakoa jotzeko azken hauen kalean. Norabidea zuzendu behar Zierbenak, eta segundoak galtzea eragin zion horrek. Bigarren ziabogan, sei segundora zen Zierbena, zortzira Santurtzi [maniobra zuzentzean galdu zituen hiru bat segundo], eta lehiatik kanpo erabat Hondarribia, hamaika segundora.

Orio bazebilen, arraunean erabat gozo egin gabe bazihoan ere, ontzi berriari oraindik neurria hartzeke. Hirugarren luzearen azken zatira arte, ematen zuen estropada erabakitzeko bidean zela, baina azken metroetan, Zierbenak aldea jan, eta, ziabogan, hiru segundo baino ez zeuden bien artean. Santurtzi zortzira zegoen.

Oriok, azken luzea egiteko, azkar jo zuen istriborrera, eta ez zen erabaki ona izan, gero Aranberri patroiak onartu zuen bezala. Atzeko hirurek ere norabide bera hartu zuten. Luzeko lehen metroetan, aldea ireki zien Oriok, baina uhartetik barrura, ia gainera joan zitzaizkion Zierbena eta Santurtzi. Hamaika bat segundoren aldea zena, hirukoa eta bostekoa izan zen bukaeran, Zierbenak bigarren eginez eta Santurtzik hirugarren. Akatsak akats, Oriok traineru berrian zeukan bandera.

Urdaibai eta Isuntza, ondo

Aurreko bi txandetan, baldintza txarragoetan egin zuten arraun, baina, hala ere, dotore moldatu ziren Urdaibai eta Isuntza, bigarren eta lehen txandako garaileak, hurrenez hurren. Bermeotarrak badatoz gorantz, eta txandan Donostiarra, Kaiku eta Ondarroa azpiratu ondoren, laugarren izan ziren. Gaur ohorezko txandan izango dira Castron (Espainia), 12:00etatik aurrera (ETB 1). Izango ez dena Hondarribia izango da, atzo seigarren egin baitzuen. Bigarren txandan ariko da gaur.

Isuntza aurrenekoan joango da, atzo lan aparta egin bazuen ere. Azken luzean poparean erakustaldia eman zuen, eta sei punturen aldea ireki die San Pedrori [atzo azkena] eta Astillerori. Biakberdinduta daude azken lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.