Zama Doinuz Arindu jaialdia egingo dute bihar Etxarri Aranatzen

Bi saiotan, zortzi emanaldi egingo dituzte hainbat musikarik. Presoen urrunketa salatzea eta senideei laguntzea da jaialdiaren helburua

Aiora Renteria eta Iñaki Imaz Piti arituko dira jaialdian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Sakabanaketaren pisua musikaz samurtuko dute bihar, bosgarren urtez, Zama Doinuz Arindu elkartasun jaialdian, Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Herri horretako Sarek eta presoen senide eta lagunek antolatzen dute, urrunketaren ondorioak salatzeko eta kartzelan dauden sei etxarriarren ahaideei ekonomikoki laguntzeko. Hainbat talde eta bakarlari ariko dira, eta musikaz bestelako alorretako lagunek ere parte hartuko dute.

Anari; Aiora Renteria eta Iñaki Imaz Piti; Juantxo Skalari; Esti eta Mikel Markez; Anita Parker; Hamar Arejita eta Keu Agirretxea; Bad Sound; eta Rotten XIII: horiek izango dira musikaren bitartez euskal presoen eskubideen urraketak salatuko dituztenak. Kontzertu akustikoak emango dituzte, eta bi saio izango dira: arratsaldeko 17:30ean eta 19:30ean.

Salbuespeneko espetxe politikari lotutako zenbait gai —gaixo dauden presoak, haur motxiladunak...— lantzeko baliatuko dute festibala. Horretarako, bideo laburrak jarriko dituzte kontzertuen artean, eta hari bat osatu. Horietan, kulturako, kiroletako eta beste esparru batzuetako zenbait lagun agertuko dira: Aitor Merino, Jon Maia, Izaro Imaz, Oskar Lasa, Aitor Zubieta, Aritz Ganboa, Axi Estarriaga, Ainara Martin, Maider Iraurgi, Aritz Munarriz, Maria Goikoetxea, Juantxo Arakama, eta Asier eta Araitz Jaka.

Urrunketaren ondorioei so

2016an egin zuten lehen aldiz festibala, eta espetxe politikari lotutako gai bat landu dute urtero. Lehenengoan, urrunketa bera izan zuten hizpide; horretarako, senidea bisitatzera Parisko espetxe batera doan lagun baten larruan jarri zen Anabel Arraiza aktorea. Bigarrenean, sokaren kontzeptuak ardaztu zuen egitarau osoa, sokak «zama» adierazten duelako, eta hura apurtzeko «denek batera» egin behar dutelako tira. Hurrengoan, haur motxiladunen gaia jorratu zuten, Jose Mari Agirretxe Porrotx-ekin batera. Iaz, berriz, espetxean dauden emakumeen egoera jorratu zuten; horretarako, presoek jasaten dituzten eskubide urraketak genero ikuspegitik landu zituzten.

Kultur etxean 227 lagunentzako tokia dago, eta urtero amaitu dira sarrerak. Aurten, gutxi batzuk baino ez dira geratzen, eta amaituko direla espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.