Espainia. Gobernu osatzeko ahalegina

Bozak errepikatzea «porrot politikoa» izango litzateke Erkorekarentzat

Gobernu berria osatzea «beharrezkoa eta posible» dela dio. EH Bilduk Sanchezi eskatu dio «marra gorririk gabe» negoziatzeko

Maider Galardi
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Espainiako Gorteetako hauteskundeak berriro egin behar izatea «porrot politikoa» litzatekeela. «Arinkeriaz ari dira hitz egiten bozak errepikatzearen inguruan, eta aukera hori planteatu ere ez du egiten Eusko Jaurlaritzak», azpimarratu du. Joan den apirilaren 28an bozak egin zirenetik, jardunean dago Pedro Sanchez Espainiako presidentearen gobernua, eta Erkorekak esan du hori «arazo objektibo bat» dela. Besteak beste, «solaskiderik» ez dagoela ohartarazi du, adibidez AHTaren inguruan hitz egiteko. Horregatik, Sanchezi eskatu dio gobernua osatzeko negoziazioak onbideratzeko, eta datorren uztailaren 22ko inbestidura saiora begira jartzeko: «Posible da eta beharrezkoa da gobernu berria osatzea».

Erkorekak PSOEri eta Unidas Podemosi egotzi die orain arteko negoziazioetan «kargu banaketaz soilik» hitz egitea, eta ez aritzea akordio programatikoen inguruan. «Behingoagatik» gai horri heltzeko eskatu die Jaurlaritzako bozeramaileak, eta «programak kontrastatu» ditzatela eskatu die. Inbestidura saioak huts egingo balu, hauteskundeak azaroan izango lirateke, eta Erkorekak esan du hori «porrot politikoa» litzatekeela.

EAJk ere «ahalegin bat» egiteko eskatu die «alderdi guztiei», hauteskundeak errepika ez daitezen. Halaber, Meritxell Batet Espainiako Kongresuko presidenteak inbestidura saioaren data finkatzea «positiboa» dela iritzi dio, «atzerako kontua hasteko». Espainiako presidentea hautatzeko eguna jarrita, «karta guztiak mahai gainean» daudela ohartarazi dute EAJko kideek, Europa Press-en arabera. Horregatik, dei egin diete alderdi guztiei «ahalegina» egiteko ados jartzeko, eta bozak errepikatzea eragozteko.

EH Bilduko Jon Iñarrituk, berriz, Sanchezi eskatu dio «betorik eta marra gorririk gabe» negoziatzeko. Izan ere, sozialistek aurreneko negoziazioetako bilera sortatik kanpo utzi zituzten ERC eta EH Bildu. Iñarrituk, ordea, oroitarazi du bi alderdiek guztira 19 diputatu dituztela Espainiako Kongresuan: «Sanchez jaunari oroitarazi behar diogu gure diputatuak erabakigarriak direla, eta beren esku dagoela bera presidente ateratzea ala ez». Horregatik, EH Bilduko diputatuak eskatu du «bizkarrik ez emateko» Kataluniako eta Euskal Herriko biztanleei. «Garai berrietara» egokitzeko ere galdegin die Iñarrituk sozialistei: «Elkarrizketarako eta negoziaziorako garaia da. Iraganeko irakurketak alboratu behar ditugu. Guk luzatu diegu gure eskua».

Elkarrizketarako «tartea»

EAJk eta EH Bilduk, biek uste dute nahikoa tarte dagoela oraindik negoziazioetarako, eta Erkorekak ere Jaurlaritzaren izenean eskatu du bide egiteko elkarrizketei. «Inbestidura saiorako egun dezente falta dira oraindik, eta badago nahikoa tarte elkarrizketetan aurrerapausoak egin eta elkarguneak topatzeko». Haren ustez, beharrezkoa izango da oinarri komunak bilatu eta inbestidurarako babes «irmoa» bilatzeko.

Halere, esan du ez diela«gertaerei aurrea hartu» nahi, eta alderdi politikoei eskatu die «ahalik eta ahalegin handiena» egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.