Askapenaren aurkako epaiketa. Absoluzio epaia

Internazionalismoaren alde topa egin dute

Amaierara iritsi da duela bost urte eta erdi hasitako bide luzea. Pozik dira Askapenako bost auzipetuak, baina lanean jarraitu behar dela ohartarazi dute. Hasiera-hasieratik jasotako babesa eta elkartasuna eskertu dute.

Vazquez, Ganboa eta Soto auzipetuak Iruñeko Babesgunean, atzo, absoluzioa ospatzen. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2016ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Garaipen bat. Garaipen txiki baina esanguratsu bat. «Euskal Herriko mugimendu, elkarte eta herritar guztien garaipen txiki bat izan da gure absoluzioa, baina garaipen handiagoak behar ditugu. Tinko jarraitu behar dugu errepresioaren aurka». Aritz Ganboa auzipetua pozik dago jasotako epaiarekin, baina oraindik erabat sinetsi gabe. Jasandako prozesu osoa salatzeko, Babesgunea topalekua aurkeztu zuten Askapenako kideek urtarrilaren bukaeran; handik bost egunera jaso dute sententzia. Topa egin dute internazionalismoak jarrai dezan.

Lanerako erreportaje bat idazten ari zela jaso zuen berria Lur Gil Askapenako kideak, atzo. «Telefonoz deitu didate, eta ezin nuen sinetsi entzuten ari nintzena. Erreportajea erdizka idatzita alde egin dut etxetik, eta Babesgunera etorri naiz zuzenean». Unai Vazquez auzipetuari deitu zion albistea jakin bezain laster: «Bazirudien aireari hitz egiten ari zela, poztasuna nabari zen».

Sare sozialen bidez jaso dute berria auzipetuek. Inork ez zuen espero. Sinetsi ere ez zuten egiten. Amaia Izko abokatua berehala joan da haiengana. «Kanpotik ikusi diogun irribarreak baieztatu digu egia zela», jakinarazi du Ganboak. «Urduritasunarekin ez genekien atea itxi edo parez pare zabaldu behar genion», gehitu du irribarrez Unai Vazquezek.

Elkartasuna nagusi

Askapenako kideak, Libre ekinbideetakoak, ezker abertzaleko politikariak, lagunak, familiakoak... Orotara, 50 bat lagun bildu ziren atzo goizean Babesgunera. Besarkadak eta zorion mezuak gailendu ziren; tentsio osteko irribarreak, finean. Askari bat ere prestatu zuten. «Topa egin dugu; lehenengo ardoarekin eta gero sagardoarekin», aipatu du Gilek. Koldo Martinez Gero Baiko eledunak ere poza agertu du, eta era horretako auzi politikoen amaiera eskatu.

Dena den, Gilek ohartarazi du absoluzioa borroka eginez lortu dela; ez dela «besterik gabe» iritsi. «Azaroan esan genuen Askapenak internazionalismoaren alde jarraituko duela lanean, eta epaia jaso berritan hori berresten dugu. Legezko izaten jarraitzeak determinazioz aritzeko indar handiagoa ematen digu».

Baina sententziak ez du pasatutako guztia desagerrarazten. Ainara Martini oso gogorrak egin zaizkio azken bost urte hauek. Ganboaren bikotekidea da, eta gogora ekarri du amesgaiztoa haren atxiloketaren unean hasi zela: «Beldur handia pasatu genuen. Oraindik gau batzuetan burura etortzen zaizkit egun hartan ateari ematen zizkioten kolpe bortitzak».

«Motxila erraldoi bat» izan dute prozesu osoan gainean, «beti etor zitekeenaren beldur». Atzoko albistearekin «nolabaiteko lasaitua» hartu duela dio Martinek, baina ez erabatekoa. Hasieratik jasotako babesa eskertu du. Halaber, gogorarazi du herritar asko daudela egoera horretan, eta horrek amorrua sorrarazten dio.

Mikel Tirapu laguna dute Ganboak eta Martinek. «Gure herriaren historia ezagututa, kasurik okerrenerako prestatzen gara beti. Gaur ez bada, bihar izango da, eta bestela, etzi. Denbora osoan espetxeratzeko unearen zain». Azkenean, ez da iritsi une hori. «Egia esan, goizean esan didatenean, hotz hartu dut albistea. Ez nuen gehiegi sinesten. Babesgunera etorri, eta haien irribarrea ikustean sinetsi dut».

Une horretan agertu da Ganboa Babesgune barrutik. Irribarretsu. «Poza sentitzen dugu bost urteko injustiziak etena aurkitu duelako. Halere, hau ez da Askapenaren aurkako jokaldia izan soilik; eskubide zibil eta politikoen urraketa izan da, eta horrelako asko daude etengabe». Gogorarazi du Euskal Herrian disidentziara jotzen duen orok errepresioa jasaten duela, eta garbi du zein mezu helarazi behar den: «Sententziak erakutsi digu borroka egitea merezi duela; garaipen handiagoak lor daitezke bide horri eutsiz gero». Bost urte hauetan babesa eta laguntza eskaini dieten guztiei eskerrak eman dizkie.

«Antzerkia bertan behera»

Gauza bera egin du Dabid Soto auzipetuak ere. Aitortu du epaia bat-batean iritsi zaiela. «Azkenean onartu dute prozesu honek ez zeukala inolako logikarik, eta antzerkia bertan behera utzi dute». Ziurtatu du absoluzioarekin ez dela justizia osoa egin. «Espainiako Auzitegi Nazionalari ez diogu ezer eskertu behar. Gure bizitza erabat baldintzatu dute».

Atxiloketa momentua, inkomunikazioa, espetxeratzea, dispertsioa, astero sinatzera joatea, kontu korronteak bahitzea... «Nik hiru hilabete pasatu nituen espetxean. Asko ez den arren, nahikoa izan zen nire alabaren jaiotza galtzeko. Nork itzuliko digu hori guztia?». Hitz horiek bukatu eta bi minutura iritsi da Walter Wendelin. Estu besarkatu ditu Ganboa, Soto eta Vazquez. Aske dira azkenean, Gabi Basañez bosgarren auzipetuarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.