ANALISIA

Tenperatura igotzera doa

Joxerra Senar -

2018ko abuztuak 18
Eta zeri erantzuten dio honek guztiak? Poliziek Maravillas gaztetxea bortxaz hustu eta animoak baretu ahala, galdera airean geratu da. Uxue Barkosek asteartean elkarrizketarako keinua egin zuen, gaztetxeko kideek egun batzuez atzeratu nahi izan zuten biltzeko proposamena, eta aitzakia jada prest zuen gobernuak. Aitzitik, abuztu hasieratik jakina zen Iruñean gaztetxea hustu egingo zutela. Noiz eta, batez ere, nola, hori zen argitu beharreko kontua. Bitartean argudioen zakua bildu dute gobernuak eta Geroa Baik: memoria historikoaren institutua bertan eraikiko dutela, ezin diotela espazio publikoa bat «lehen heltzen denari» utzi, legedia bete behar dela, elkarrizketarako prest direla... Keinuek, egiazki, ez dute benetako borondaterik islatu, eta espero zen amaiera etorri da.

Iruñeko Alde Zaharra ez da Iruñea, eta Iruñea ez da Nafarroa. Gehiengo handi batek deus gutxi daki Maravillas gaztetxearen nondik norakoez, eta, eskuinak erabili ohi duen hizkuntzak kutsatuta, okupei zer gerta, bost axola. Alta, horrek ez du esan nahi gertatutakoak balio politikoa ez duenik. 2004an, UPNk Euskal Jai gaztetxea hustu zuen, eta garaiko iruindar asko markatu zituen. Maravillasek urtebete besterik ez zeraman, baina aukera guztiak ahitu gabe, Geroa Baik nahiago izan du hustearen bidea hartu, eta beste gazte belaunaldi bat markatu.

Memoria historikoaren institutu baten izenean, Maravillas Lambertoren izena hartu duen gaztetxe bat husteak badu ironia zital bat atzean. Gaztetxeak inori min ematen ez bazion, eta auzoan errotuta bazegoen, aldaketak bide eman behar lioke gazteen artean kontzientziazio sozial eta politikoa sustatzen duten eremuei, nahiz eta alderdien kontrolpetik at izan. Ematen du zenbaitek ez dutela hala ulertzen. Legediaren logika aplikatu da, malgutasunik gabe. Politikoki, egun, hitz handiek dute garrantzia, baina haiei esanahia ematea falta da: gatazka handiagoetan elkarrizketa izan bada, zergatik orain ez da posible izan? Edo izatekotan, berandu eta baldar egin da ahalegina. Gaztetxekoei errua botatzeko ahalegina iraunkorragoa izan behar luke denboran. Politika egiteko moduetan ere islatu behar litzateke aldaketa, bestela indarra galtzeko arriskua baitu.

Mikropolitikak eraginak izango ditu makropolitikan. Husteak ez du lagunduko aldaketa sendotzen, baina oraingoz ez dirudi haustura eragingo duenik ere. Tenperatura politikoa igotzera doa, hori bai. Geroa Bairen eta PSNren arteko gerturatzeaz hitz egin dute batzuek, baina legealdia amaitu arte horrek ez du zentzu handirik. Epe ertainera, berriz, ikusteko dago. 2019ra begira, EH Bildurik gabeko beste gobernu bat osatzea hipotesietako bat da. Gaztetxea husteak EH Bilduri kontraesanak eragin diezazkioke, eta haren hautesleen artean haserrea eragin dezake, are gehiago jendeak ulertzen badu Maria Jose Beaumonten agindupeko foruzainak oldartu direla. Legealdian, leialtasun erabatekoa erakutsi du EH Bilduk, eta Maria Solanak zuzenean EH Bilduren figura politiko nagusiari (Joseba Asiron alkateari) errua botatzeak bien arteko konfiantzan arrakalaren bat azaleratuko zuen. Hala ere, koalizioan badakite arestian aipatutako hipotesia kosta ahala kosta ezinezko izatea dagokiela, eta horregatik tentuz neurtu behar dute haserrearen tonua, gatazkaren tamaina.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna