Dunixe Royo. 'Goenkale'-ren jarraitzailea

«Afalostean ikusteko saio aproposa izan da; gustura ikusi dut urteotan»

JAZKI FONTANEDA / ARP.
urtzi urkizu
2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Gaztetxoa zen, 12 urte baino ez zituen, baina Goenkale-ren hasierak ondo gogoratzen ditu Dunixe Royok (Arrasate, Gipuzkoa, 1982). «Afalostean, familia osoa telebistaren aurrean jartzen ginen Goenkale ikustera. Amamak, adibidez, oso gogokoa zuen». Hainbat pertsonaia zituen gogoko lehen denboraldietan, baina bi nabarmendu ditu guztien artean: Maria Luisaren (Kontxu Odriozola) eta Jose Mariren (Mikel Garmendia) bi semeak, Gaizka (Niko Lizeaga) eta Xabier (Paul Zubillaga). Gogoratu du lehen urteetan Arrasaten bazuela arrakasta telesailak: «Nire lagun gehienek ere ikusten zuten. Telesaileko gorabeherak komentatzen genituen».

ETBko programazioan 21 urtez mantendu izanaren arrazoia, berriz, «euskal istorio» bat kontatzearekin lotura izan dezakeela iruditzen zaio Royori: «Nahiz eta zenbaitetan egoerak muturrera eramaten ziren, Euskal Herriko edozein tokitan gerta zitezkeen kontuak azaltzen ziren». Telebistan euskarazko produktu bat jarraipenarekin emateak ere eragina izan zuen lortutako arrakastan. Hala uste du ikusleak: «Goenkale estreinatu zuten arte, telebistan jarraitutasunarekin ematen zituzten telesail guztiak gaztelaniaz ziren. Euskaraz izatearekin, bakarrik, lortu zuen audientzia erakartzea». Aitortu du adinagatik Goenkale-ren aurretik egin zituzten beste telesailak ezin izan zituela ikusi.

1994tik 2015era 21 urte joan dira, eta bizpahiru denboralditan baino ez zuen huts egin Royok. Hala ere, urte gehienetan fikzioko saioa «erraz» ikusi duela nabarmendu du: «Hainbeste gauza gertatu dira, hainbeste gai landu dituzte. Afalostean telebistan ikusteko saio aproposa izan da; gustura ikusi dut urteotan».

Azkeneko etapan ere jarraitu ditu Royok Arraldeko gorabeherak. «Baina jakin nuenetik telesailak amaitu egin behar zuela ez dut hain gustura ikusi. Azkeneko bi urteetan sinesgaitzak diren fikzioko gauza larregi sartu dituzte, nire gusturako». Hilaren 28an amaituko da Goenkale, eta «sekulako pena» ematen dio Arrasateko ikusleari.

Hasi da ikusten Royo Aitaren etxea —Pausokaren telesaila—, gogokoa du, baina ez du uste telesail berriek Goenkale-k adina iraungo dutenik. «Hainbeste lortzea oso zaila izango da».

Etorkizunean, telesail berriek funtzionatzen ez badute ere, Goenkale itzuliko denik ez zaio iruditzen Royori. «Erabakia ondo pentsatuta hartuko zuten. Hainbeste urteren ostean ixten badute, ez dut uste berriro berreskuratuko dutenik. Ez luke zentzurik izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.