Encarna Bodelon. Zuzenbidean aditua

«Sistema judizialak biktima eredu jakin bat dauka»

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Justizia ikuspegi feministatik aztertzen dihardu Encarna Bodelon. Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta Antigona ikerketa taldeko zuzendaria. Andreen aurkako bortxa azaleratu beharra nabarmendu du.

Justizia patriarkalaz aritzen gara batik bat sexu delituen alorrean. Familia zuzenbidea ere patriarkala al da?

Noski. Gogoan hartzekoa da urte askotan zehar kode zibilek gizonaren jabetzat jo dituztela emaztea eta seme-alabak. Hori aldatu den arren, arrastoa utzi du: asko kostatu zaigu onartzea umeek eskubideak dituztela, eta bikote harremanetan emakumeak independenteak direla.

Dena den, oraingo sistemaren abiapuntua bada nolabaiteko neutraltasun bat, ezta?

Bai. Garai batean, familia ulertzeko modu patriarkal hark zekarren haurren zaintza beti amei ematea, ulertzen zelako aitak ezin zuela zaindu, ez zela rol maskulino bat. Orain, berriz, familia zuzenbidearen ustezko demokratizazio batean gaude: biak izan daitezke zaintzaile egokiak. Hori da zaintza partekatuaren sistemaren funtsa, baina oinarri faltsu bat dauka, ez baita egia izaten bi gurasoek berdin zaindu dituztenik umeak; desberdintasun horiek ezkutuan geratzen dira. Eta hor badago beste arazo bat: bikote banaketa askoren atzean indarkeria egoera bat dago. Sarri ez dira salatzen, baina banaketa prozesuan zehar azaleratzen dira, besteak beste, GASaren bidez: emakumeen aurkako tratu txar psikologikoak iraunarazten ditu, haurrak manipulatzeaz eta gaizki zaintzeaz akusatuz. Eta horrek adierazten digu aurrez ere bortizkeria psikologikoa zegoela erlazioan.

Hala ere, bortizkeria kasuetan ere zaintza partekatua ezartzen ari dira...

Bai. Teorian, zaintza partekatuta mugatuta dago indarkeria dagoenean, baina horretarako zigor arlora jo behar da, salatu eta demostratu. Badakigu, ordea, emakume guztiek ez dutela bide hori hautatzen, eta salatzen duten guztiek ere ez dutela lortzen bortizkeria frogatzea. Gainera, ideia batek bizirik dirau: aitaren autoritatea umearentzat ona dela, edozein dela autoritate horren nolakotasuna eta edukia. Amaren aurkako indarkeria egon bada ere, uste da haurrarentzat ez dela txarra aitarekiko harremanetan jarraitzea, nahiz eta adingabeak bortizkeria horren lekuko izan, eta jakin arren aitak haurrak erabiliko dituela amaren aurkako indarkeria prozesuan. Egiaz ez gara serio hartzen ari haurren eta emakumeen eskubideak.

Andreen testigantzen arabera, gainera, ondoriozta daiteke jarrera otzan bat eskatzen zaiela prozesu judizialean. Feminitate eredu jakin bat bultzatzen al da?

Bai, tratu txarretan eta sexu delituetan bezala, sistema judizialak biktima eredu jakin bat dauka. Baina paradoxikoa da: andreei eskatzen zaie indarkeriaren zantzu argiak agertzea, baina bortizkeriak oso aztoratuta badaude, ez dira sinesgarriak. GASak, gainera, bat egiten du emakume maltzurraren estereotipoarekin: genero indarkeriaren aurkako legeaz eta haren baliabideez aprobe- txatzea egozten zaie, baina datuek diote andreek oso gutxitan erabiltzen dutela sistema.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.