Koronabirusa

Hiletak eta azokak egitea debekatzen zuten legeak, indargabe

«Pandemiaren bilakaera kontuan hartuta», Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu azken asteetan ezarritako ezohiko lau lege

Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
«Konfinamenduaren arintze progresiboaren testuinguruan», Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren pandemiaren ondorioz hartutako ezohiko lau neurri indargabetu zituen atzo. Hala jakinarazi zuen Nekane Murga Osasun sailburuak; herritarrei, ordea, konpromisoari eusteko eskatu zien, osasun zerbitzuek koronabirus kasu berriak baieztatzen baitihardute oraindik ere.

Bertan behera geratu dira, besteak beste, eztabaida gehien sortu duten neurrietako bi: hiletak eta azoka eta feria tradizionalak egitea debekatzen zutenak. Jaurlaritzak martxoaren 26an ezarri zituen hileta osasunaren arloko ezohiko neurriak, tanatopraxiako esku hartzeei, gaubeilei eta zeremonia zibil eta erlijiosoei lotutakoak —hiletak barne—. Nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagaiak eta produktuak zuzenean saltzeko azoka eta feria tradizionalak, berriz, apirilaren 6an debekatu zituen Lakuak.

Osasun Sailak indarrik gabe utzi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zentro pribatuak mugatzen zituen legea ere. Arau horrek pandemiari aurre egiteko beharrezkoak ziren baliabide pribatuak erabiltzea ahalbidetzen zien erakunde publikoei, eta pribatuak, berriz, pandemia transmititzeko arriskua areagotu zezaketen zerbitzuak atzeratzera behartzen zituen. Hala, zentro pribatuek aurrerantzean posible izango dute euren jardun programatuarekin hastea.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak indarrik gabe utzi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zeuden baliabide guztiak kudeatzeko eta koordinatzeko eskumena eman zion zuzendaritza batzordea. Martxoaren 18tik zebilen batzorde hori behar horretan.

Azkenik, Murgak eskerrak eman zizkien azken asteetan osasun zerbitzuek erabili dituzten hainbat hoteletako eta apartamentutako langile eta jabeei. Gasteizko Lakua hotela nabarmendu zuen; hark 187 paziente jaso ditu, eta jada amaitu dituzte desinfekzio lanak Osakidetzako Arabako ESI erakunde sanitario integratuko 46 profesionalek.

Gidaliburua

Murgak azpimarratu zuen garrantzitsua dela badaezpadako neurriak mantentzea. Osasun Sailak herenegun aurkeztu zuen koronabirusaren transmisioa prebenitzeko gomendioen gidaliburu bat, eta, datozen egunetan, gidaliburu horren 350.000 liburuxka baino gehiago banatuko dituzte Osakidetzako zentroetan, farmazietan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerrietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.