Ehunka lagunek «kontuak eskatzeko» garaia dela aldarrikatu dute Gasteizen

Bizitza plataformak antolatu du manifestazioa, eta salatu du «oinarrizko eskubideak asko murriztu direla» bi urtean; horregatik elkartu dira

Bizitza plataformaren manifestazioa, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Ez da ohikoa paisaia. Kamioi zuri handi bat dago Gasteizko Bilbo plazan, Bizitza dioen banderatxo bat darama aurrealdean, eta bozina jotzen dabil. Izaro abeslariaren Libre abestia ere entzun daiteke bozgorailuetatik. Lehen azalpen batean, ez da erraza antzematen zer izan daitekeen datorrena, baina atzealdeak eman du pista: txalo, txistu eta oihu artean egin ditu lehen urratsak Bi urte tirania, kontuak eskatzeko garaia da leloa daraman pankartak.

Mezu hori bera erabilita, Bizitza plataformak eginiko manifestazioan ehunka pertsona batu ziren atzokoan Gasteizen, pandemia hasi zenetik «mundu osoko gobernuek eta eliteek oinarrizko eskubide asko murriztu» dituztela ohartarazita, besteak beste. Baina baziren beste hainbat aldarri ere.

Kudeaketa da horietako bat, eta Santiago ospitalean egin dute lehen geldiunea. Oihu artean egin dituzte salaketak, eta isilik gelditu dira, Osakidetzari bizkar emanda. Are, inguruan bada kuriosoren bat edo beste, banatzen ari diren ohartxoei so: «COVID 'txertoak' zure seme-alabentzako?». Izan ere, hori ere bada mezuetako bat: «Haurrak ez ukitu».

Foru plazara arteko bidea egin dute, «askatasunaren, egiaren eta osasunaren» alde eginez. Eta zentsurarik gabeko informazioaren alde egitea ere badute aldarri.

Musikarekin eta hitzartzeekin amaitu dute ekitaldia, «norbanakoen eskubideen aurka» egin dezaketen tratatuen eta legeen ohartarazpenak eginda. «Horregatik, eta beste arrazoi batzuengatik, erabaki dugu gaurko egunean elkartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.