Norabide aldaketa errotu egin da Mercedesen

Langileek babestu egin dute 2016ko maiatzean ELAk, LABek, ESK-k eta CCOOk langile batzordean hartutako bide berria. ELAk, ordezkari kopurua handitzeaz gain, presidentetzari eutsi dio: Igor Gebara izendatu dute lemazain. Halere, CCOO giltzarri izango da, berriz ere, gehiengoak erdietsi eta akordioak lortzeko.

Langileak. Egun, 5.000 langile inguru ditu Mercedesen Gasteizko lantegiak. RAUL BOGAJO/FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Inor gutxik esperoko zuen erabakia hartu zuten Mercedes-Benzen Gasteizko lantegian 2016ko maiatzean. Ordura arte UGTrena zen agintea langile batzordean, baina ELA, LAB, CCOO eta ESK-k indarrak batu zituzten gehiengo sindikala erdietsi eta batzordeko presidentea kargutik kentzeko. Indar korrelazioaren aldaketa hark aro berri bat abiatu zuen Gasteizko plantako langile batzordean, eta zauri bat ireki CCOOren eta UGTren aliantza historikoan. Orduan hartutako norabide aldaketa errotu egin da, langileen babesa izan baitu iragan astean izandako hauteskunde sindikaletan. Izan ere, langile batzordearen aldaketa eragin zuten sindikatuak «indartuta» atera dira bozetatik; ez soilik ordezkari kopurua handitu dutelako, baizik batzordeko gehiengoari eustea ahalbidetu duelako: ELAko ordezkari Igor Gebara izendatu dute batzordeko presidente berriro, eta irauli historikoa eragin.

ELA izan da, hain zuzen, egoera berriari etekinik handiena atera diona, zazpi ordezkari lortu baititu hauteskundeetan, orain arte zituenak baino bi gehiago. UGTk adina ordezkari dira horiek, bi galdu baititu 2014ko emaitzekin alderatuta. ELAren hazkundea ez da bakarrik iritsi, halere. ESK-k ere lortu du etekinaren zati handi bat: beste bi ordezkari erdietsi ditu bozetan, eta hiru kide izango ditu orotara batzordean. LABek, berriz, ordezkari kopuruari eutsi dio, eta lau kide izango ditu guztira, baita CCOOk ere.

Ekintzak eta Plataforma Independenteak ere ordezkaritza bana irabazi dute hauteskundeetan, eta hiruna kide izango ditu bakoitzak. Guztira, beraz, 31 ordezkari izango ditu Mercedesen langile batzordeak, 2014an baino lau gehiago; langile kopurua handitu ostean batzordea ere handitu egin baita. Egun, Volswagenekin batera, Euskal Herriko lantegirik handiena da Mercedes: 5.300 langile inguru ditu.

CCOO giltzarri berriz ere

Langile batzordearen ordezkari kopurua handitu ostean, CCOO giltzarri izango da berriro gehiengoak erdiesteko. Atzo izan zuen aurreneko erabakiunea sindikatuak; hain zuzen, batzordeko presidentea hautatzeko bozketan: ELAko ordezkari Igor Gebara eta UGTko ordezkari Iñaki Andresen artean hautatu behar izan zuen. Edo, bestela esanda, 2016an bide eman zuen aldaketaren alde egin, edota UGTrekin izan duen aliantza historikoari eutsi eta zauriak itxi: bi hautu horien artean erabaki behar izan zuen sindikatuak. Erdibideko jarreraren alde egin zuen azkenerako, ordea; inoren alde ez lerrokatu, eta abstentziora jotzea erabaki zuen.

Horiek hala, LABen eta ESKren babesa izan zuen Gebarak. Aldeko hamalau boto jaso zituen ELAren ordezkariak, eta 13 UGTkoak. Gebara pozik azaldu zen bozen emaitzekin, langile batzordeko presidente izendatua izan berritan. Haren hitzetan, agerian geratu da batzordeak bere garaian abiatu zuen lan ildoa indartuta atera dela bozetatik: «Argi geratu da gehiengoa osatzen genuenok boto gehiagorekin babestuta atera garela hauteskundeetan. Indartuta atera da batzordea; beraz, pozik gaude emaitzekin». Ez da gutxiagorako, azken urteetako egoera aztertuz gero.

CCOOren erdibideko jarrerak hautsak harrotu zituen alde batean zein bestean. Izan ere, Iñaki Andres langile batzordeko presidente kargutik kentzeko ELA, LAB eta ESKrekin lerratu izanak UGTrekin zituen hartu-emanak ozpindu zituen 2016ko maiatzean. Enpresarekin eragin mugatuko lan hitzarmen bat sinatzeko prest zegoelako erabaki zuen CCOOk gainerako sindikatuekin batzea. Hala ere, hilabete batzuk beranduago, UGTk, Ekintzak eta Plataforma Independenteak zuzendaritzarekin batera adostu zuten hitzarmen kolektiboaren alde agertu zen CCOO sindikatua, eta bereziki minduta azaldu zen ELA orduan. Hainbeste, ezen Gebarak dimisioa ere aurkeztu baitzuen.

Egoera berriari begira, halere, LABeko ordezkari Alberto Chascok iritzi dio CCOOk ez duela oztopatuko gehiengoa:«Uste dugu CCOOk batzordea ez oztopatzearen alde lan egingo duela. Orain arte hala egin izan du, nahiz eta abstentziora jo duen». Gauza bera uste du Gebarak ere. Mezu zuzena utzi du: «Gure alboan egon nahi duen ororekin lan egingo dugu. Hori bai, ez gara inoiz enpresarekin eragin mugatuko hitzarmenak sinatzeko edota isilean negoziatzen dutenekin batera ariko. Oraingoz, gehiengo bat dugu, eta horri eutsiko diogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.