Arrauna

Aurrera-atzerako nabigazioan

Eusko Label liga bi astez etengo da, Kontxako Banderak iraun bitartean. Geldialdiaren aurreko asteburuak argitu egin du azken bi jardunaldietarako aurreikusitako lehia.

Santurtziko eta Hondarribiako ontziak, lehian, igandean Galizian jokatutako estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Ondorio tinkoak utzi ditu abuztuko azken asteburuak. Galizian jokatutako azken bi estropadek aurrera edo atzera eginarazi diete Eusko Label ligako traineruei. Badira sasoirako jarritako helburuak Aresen eta MoaƱan bete dituzten ontziak, eta bada lortu ezinda atzera-ezinezko emaitza izan duenik. Beste batzuentzat, lehiak segitzen badu ere, txapelketaren joera agerian utzi duten estropadak izan dira.

GARAIPEN BALIOTSUAK
Santurtzi, indarberrituta


Santurtzik irabazi ditu asteburuko bi estropadak, eta lidergoan indartu da. Iker Zabalaren taldeak bildu zitzakeen puntu guztiak eskuratu ditu Galizian, eta, bi bandera astintzeaz gain, garaipen horiek eskuratzeko moduak indartu egingo du Sotera-ko eskifaia. Ondarroan eta Hondarribian lehen postutik nahi baino urrunago aritu ostean, bere mailarik onenera itzuli da asteburuko estropadetan. Sailkapeneko aldea bi puntu handitu du, eta, gainera, buruz buruko lehian nagusitu egin zaio Hondarribiari. Talde sendoaren irudia berretsi du.

SEGITU BEHARRA
Hondarribia, matematikei adi


Santurtzik kolpea jo du mahai gainean, baina egoera oso bestelakoa litzateke larunbatean Hondarribiak irabazi izan balu. Eskura izan zuen garaipena. Abantailarekin heldu zen azken metroetara, baina ontzi moreak aurrea hartu zion. 74 ehunenekoko aldea egon zen bien artean: ligaren etorkizuna itxuraldatu zezaketen 74 ehuneneko.

Matematikek kontrakoa adierazi arte, Hondarribia lanean segitzeko moduan da. Horixe egin zuen herenegun, eta, beste puntu bat galdu zuen arren, Santurtziri aurrea hartzeko aukerarik gehien dituen ontzia dela berretsi zuen. Bi estropadaren faltan, berdeek sei puntuko desabantaila dute. Zaila dute egoera iraultzea.

AZALDU DIRA
Orio eta Donostiarra, bizkor


Urrunegi aritu gabe, baina Orio goialdeko ontziak baino zertxobait atzerago aritu da udan. Abuztuaren erdialdera arte izan da hori. Kontxaren atarian aurrerapausoa eman dute Jon Salsamendirenek, eta sasoiz eta arraunketaz garairik onenean helduko dira irailera. Ohorezko txandan sartu dira ligako azken bi estropadetarako, eta arraunlariek erakutsi dute ontzia azkar jartzen dutela. Garai gozoan daude.

Donostiarrak ere Kontxaren atarian ukitu du sasoi puntu gorena. Igor Makazagaren arraunlariek erregulartasuna mantendu dute, eta ohikotik gorako errendimendua eskaini dute zenbait estropadatan. Hirugarren daude sailkapenean.

Urdaibaik eutsi egin dio sasoiko joerari, lehen postuetatik urrun, eta Zierbenak jardun onak eta txarrak txandakatu ditu. Herenegun hamargarren amaitu zuen. Estropezua izan zen: normalean, gorago egoten da.

ONENEKIN SEGITUKO DUTE
Helburua garaiz beteta


Beren helburuak Galizian lortu dituzten ontzi apurrak dira Ondarroa, Cabo, Ares eta Lekittarra. Mailari eustea xede, onenen artean segituko dute beste urtebetez. Eroso erdietsi dute xedea. Aresek eta Lekittarra-k amaitu dute aurtengo liga, eta litekeena da sasoia etzi bukatzea. Kontxarako sailkatuta, poz batekin amaitu nahi dute. Tiranek, berriz, jaitsierako kanporaketak jokatuko ditu.

GORENGO MAILARI AGUR
Zarautz, itzultzeko zain


Asteburuan galdu du maila. Enbata azkena izan da sailkapen nagusian, eta KAE 1 ligan ariko da datorren sasoian. Estropada oso duin batekin agurtu du gorengo maila. Urte zaila izan da zarauztarrentzat, baina harro amaitu dute liga. 2003an, 2006tik 2010era bitartean, eta aurten aritu dira TKE ligan. Berandu baino lehen itzuli nahi dute, eta, harrobia oinarri, badute horretarako gaia. Horretan jarriko dute indargunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.