Arrauna

Izan ziren haientzat

Imanol Iradi Donostiarran dago hasieratik, 2008tik, eta ez du inoiz kale egin. Eusko Label ligan herenegun lehen bandera irabaztea klubaren goranzko bidearen barruan jarri du, eta hasierako taldekideei eskaini die.

Imanol Iradi, eskuinetik lehena, ukabila altxatuta, igandean Getxon lortutako garaipena ospatzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Hamabi urte dira Kaiarriba elkartea sortu zutela, Donostiako arrauna bateratzeko asmoz, eta Donostiarra izenarekin dabil lehian. 2008an egin zuen estrainako estropada, KAE ligan, eta talde hartan zen Imanol Iradi arraunlaria (Donostia, 1993). Baita herenegun ere, Getxon, Eusko Label ligako hamabigarren jardunaldian, eta Iradiren izena Gipuzkoako hiriburuko arraunaren historian letra larriz azalduko da. «Handia egin genuen», zioen atzo, bezperan irabazitako bandera gogoan zuela.

Handia baita liga nagusian Donostiarrak lehen bandera irabaztea. Bigarren denboraldia du Eusko Label ligan taldeak, eta heldu da saria: «Kostatakoa izan dela esango nuke, uda honetako lanari begiratzen bazaio. Ohorezko txandan ez gabiltza, eta bigarrenetik egin izan ditugu estropada handiak. Txanda hori irabazi ere bai, sei aldiz. Baina zorterik ez dugu izan eguraldi aldaketa bat tartean azaltzeko».

Igandekoa «eztanda» izan zela dio Iradik: «Esan zigutenean bandera gurea zela, barruan geneukan dena lehertu zitzaigun». Orduan, neurrigabeko pozaren olatuak iraganeko hondartza batera eraman zuen Iradi: «Gogora etorri zitzaizkidan Donostiarraren hasierako urteetan nirekin ibilitako arraunlariak. Azkenean, haiek gabe hau dena ez genuen lortuko». Oraingo taldean, badira bost 2008an ere taldean zeudenak, eta denen artean jarri zuten arrakasta honen hazia. Iradik garbi baitauka Donostiarraren egitasmoa urratsez urrats gauzatzen ari dela: «Igandekoa bide horretako beste pauso bat izan zen. Behetik hasi ginen, gorantz egiteko, eta bagoaz nahi genuen lekura».

Leku horrek koordenatu zehatzak dauzka: hiriko trainerua puntan jartzea. Baina ez zen hain zehatza herenegun, Getxon, Torrekua traineruak hartu behar zuen lekua bigarren txanda irabazi eta gero, alderrai antzera ibili baitzen: «Bigarren txanda irabazi izan dugun aurreko estropadetan, azkar konturatu ginen banderarako aukerarik ez genuela, ohorezko txandakoek lehen ziabogan alde handia ateratzen zigutelako. Baina herenegun, aurreneko ziabogan, gurea zen denborarik onena, eta urduri jartzen hasi ginen traineru barruan».

Arraunlariak lasaitzeko asmoz, Igor Makazaga entrenatzaileak arraunera bidali zituen:«Esan zigun alde egiteko estropada eremuaren ingurutik eta, lasaitze aldera, arraunean egiteko. Han joan ginen, eremutik ihesi». Hirugarren ziabogan Oriok, ohorezko txandako buruak, zein denbora egin zuen jakin arte: «Gurea baino hamabi segundo txarragoa egin zuela esan ziguten, eta banderaren aukera oraindik bizirik zela konturatu ginen». Erabateko ziurtasunik ez edukitzea zen horren ondorio:«Guk azken luze txarra egin genuen, aurreko hiru luzeetan pilatutako nekeak txisparik gabe utzi baikintuen erritmoa bizitu eta olatuak hartzeko». Azkenean, baina, heldu zen traineru barrura hainbeste desiratzen zutena: «Gu Orio baino pare bat segundo azkarragoak izan ginela esan ziguten, baina ez ziren denbora ofizialak. Horien berri jakitean, giroak gainezka egin zuen gurean. Izugarria izan zen», azaldu du Iradik.

«Hobetzea» da helburua

Ongietorri beroa egin zieten arraunlariei Donostian, herenegun arratsaldean, eta hartzaileek nahiz emaileek nahiko dute errepikatu. Iradik azaldu du zein den taldearen filosofia hemendik aurrerako: «Hobetu, orain arte bezala. Bihar Euskadiko Txapelketa dugu Hondarribian, eta bigarren txandatik goaz. Ea lehen lauretan sartzen garen, Espainiako Txapelketan izateko datorren asteburuan, Galizian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.