Arrauna

Erietxetik irabaztera

Markel Elorza Santurtziko arraunlariak igandean irabazi zuen Eusko Label ligako bere lehen bandera, eta beste honek ere ematen dio aparteko zerbait irabazi izanari: duela hilabete, meningitis gaitza eduki zuen.

Santurtziko arranunlariak, igandean lortutako bandera ospatzen. Denboraldiko bigarrena zuten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Santurtzik egin du beste entrenamendu bat. Asteguna da. Eusko Label liga hasteko aurreko astea da. Badoa etxera Markel Elorza arraunlaria (Zierbena, Bizkaia, 1990), nekeak erabat jota, baina ez du ohiko nekaldia. Buruko minez da. Horrela dabil egunotan: entrenatu aurretik, ondo antzean, baina, gero, porru eginda. Sukarra gora eta behera dabilkio. Larritu, eta, bikotekidearekin batera, Gurutzerako ospitalera doa. Hainbat proba eta analisi egin dizkiote. Diagnostikoa eman dio sendagileak: «Meningitisa daukazu». Elorzaren erantzuna, galdera bidez: «Ona edo txarra?». Sendagileak: «Meningitisa».

Burua larritzen hasi zaio Elorzari, gaitz horretan txarrena ez ote duen. «Erietxean geratu behar duzu», sendagileak, «probak egiteko». Laugarren egunean, etxera joateko esaten diote, aurretik albiste on bat eman eta gero: «Meningitis birikoa daukazu, ona». Birusa gorabehera, osatze egunetan dabil Elorza. Azken batean, hauxe du osatzeko bide onena: ezer ez egitea. Atsedena. Akabo entrenamenduak, akabo taldea, akabo liga hasiera.

Hogei bat egunen buruan itzuli da taldearekin batera entrenatzera. Poliki dabil, ezin besteen erritmoan aritu. Entrenamendua burutu, eta nekea berriz. Baina ez gaitzarena. Gorputza hainbat egunez geldirik eduki izanaren ondorioa. Horrela egongo da egun batzuetan, baina badoa pixkanaka sasoia hartuz. Taldekideekin batera aritzeko aukera ere heldu zaio, eta, orain bai, bat gehiago da berriz ere Sotera traineru mitikoan.

Igande goiza. Herenegun. Portugaleten estropada. Bezperakoan, Orion, Iker Zabala entrenatzaileak ez du taldean sartu. Bai, ordea, orain. Aurreneko poza, aspaldiko partez, Elorzarentzat. Bigarrena handik ordu pare batera jaso du: bandera. Garaipena. Helmuga zeharkatu, eta taldekide gehienak poza kanporantz ateratzen ari dira, besoak altxata. Arraunlari bat negarrez ari da, burua makurtuta. Elorza da.

Arratsaldean hasi omen zen jabetzen irabazi izanaz: «Estropada bukatu eta segituan, erietxeko une zail hura etorri zitzaidan gogora, medikuak ez zidanean esan zein meningitis mota neukan, ona edo txarra. Eta negarrez hasi nintzen. Merezi zuen bezala ospatu beharrean, nire buruak garai txarrak gogorarazi zizkidan. Gero bai, arratsaldean, ongietorri jendetsuan, gozatzen hasi nintzen».

Ez baitzuen edozein garaipen igande eguerdikoa: «Lehen bandera dut liga nagusian, eta gauza handia da talde handienak dauden lehiaketan irabaztea». Lehendik ere badaki zer den trapuak astintzea, baina KAE 1 ligan, Santurtzirekin eta Zierbenarekin: «Badakit irabaztea gauza handia dela, baina, errespetu guztiz esanda, ezberdina da liga nagusian lortzea».

«Zaila da liga irabaztea »

Aurtengo bigarren bandera irabazi zuen igandean Santurtzik, eta laugarren da sailkapenean. Elorza gustura da orain artekoarekin: «Gure nahia iazkoa hobetzea da, eta ari gara». Liga etxera eramatea zaila dela dio: «Orio oso indartsu dago, ez du hutsik egiten, nahiz eta segundo gutxian sei talde gabiltzan. Hutsa behar da lan ona egin eta seigarren geratzeko. Azkenean, kirolean, irabazi gutxitan egiten da, eta galdu, berriz, askotan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.