Arrauna

Lehorreko poz benetakoa

Zierbenak igandean bandera irabazi izanak erakusten du bizkaitarrek bolada ona dutela. Aldaketak eginda ere, mailari eusten ari zaio Juan Zunzunegiren taldea.

Zierbenako trainerua, herenegun, Getxoko Bandera irabazi berritan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Tostartetik kanpo geratzen den arraunlariak urruntasun eta hustasun sentipen bat izaten du barruan. Kideak uretan diren bitartean lehorreko lanak egin beharra kontu eskasa da. Ordea, uretan daudenek irabazi eta norbera ariko balitz bezala pozten denean bat, horrek esan nahi du ordezko arraunlariaren engaiamendua erabatekoa dela. Halaxe gertatu zaio Endika Morani (Castro-Urdiales, Espainia, 1998).

Zierbenak irabazi dituen bi estropadetan ez du arraunean egin, baina garaipenek bozkario bete-betea utzi diote. Bai Donostian, baita herenegun Getxon ere (Bizkaia): «Garrantzitsuena irabaztea da», esan du Moranek, eta garrantzia kendu dio lehorrean geratu izanari: «Oso pozik nago. Larunbatekoa estropada arraroa izan zen, eta emaitza ez zen nahi genuena izan. Aho zapore eskas hori ahalik eta modurik onenean kendu genuen Getxon».

Lehorrean, «urduritasunez» bizi izan zuen estropada. Ez alferrik, alde oso murritza lortu baitzuten Orio bigarren sailkatuarekin: segundo eta erdikoa. Zierbena bigarren txandan aritu zen, bezperan seigarren egin zuelako. Beren txanda irabazi eta gero, itxaron egin behar izan zuten marroiek: «Hogei minututik beherako denbora eginda, bagenekien bandera lortzeko lehian egongo ginela. Hirugarren txanda ikusi nuenean, Orioren eta Hondarribiaren arteko lehia egon zen, eta horiak gure gainean zeuden une oro. Zain egon behar izan genuen, baina gure aldera jausi zen».

Aurrez irabazitako banderan ere alde txikiak izan ziren lehen postuetako ontzien artean. Donostian, bi segundo pasatxoko tarteaz gailendu zen Zierbena. Horrek agerian uzten du Eusko Label ligako maila ona, Moranen esanetan: «Tarte txikiak dira, bai goiko postuetan, baita behekoetan ere. Lehiatzeko, tarte horiek gure aldera jausi behar dute».

Xede horrekin aritu zen Zierbena herenegun. Getxoko bigarren kalearen abaroan — «guztiok nahi genuen», onartu du Moranek—, aise aritu ziren bigarren txandan. Abantean erritmo bizian egin zuen haren taldeak, eta lehendabiziko ziabogarako tarte mardula zabaldu zien txandako kontrarioei: «Talde bakoitzak bere estiloa eta erritmoa ditu. Egia da igandean bizi aritu ginela, baina beste batzuetan erritmo lasaiagoa behar izaten da. Estropada bakoitzak ezartzen du hori».

Zierbena hirugarrena da sailkapen nagusian, eta hura da bandera gehien eskuratu dituen taldea: bi irabazi ditu. Dena den, «lehiakide gogorrak asko» dira, Moranen aburuz. Besteren artean, Hondarribia, Orio eta Santurtzi sartu ditu multzo horretan. Baita Ondarroa ere: «Ikusi besterik ez dago aurrekoan zer egin zuen».

Etenik gabeko lehia

Hain justu, talde horiek guztiak eta beste zenbait batuko dira bihar Lekeition (Bizkaia), Euskadiko txapelketan (18:00, ETB1). Beste garaipen bat zakuratu asmoz ariko da Zierbena: «Gogotsu gaude. Gainera, aurten Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak soilik joka ditzakegu, Espainiakoa ez, egutegiarengatik, eta, gorengo txapelketa denez, irabaztea da asmoa. Estropada guztietan helburu hori izaten dugu».

Aukeran, garaipen posible hori tostartean ospatu nahi luke Moranek, baina, bestela egokitzen bada ere, ez dio muzin egingo ikurrina astintzeari. Lehorreko poz betea izaten asmatzen duenak bai baitu ezaugarri izugarri garrantzitsu bat: taldearengan pentsatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.