Arrauna

«Donostiarrak, poz!»

Kaiarribak sasoiko lehen bandera eskuratu du, Lekeition. Igandeko garaipen hori baliatu nahi du taldea suspertu eta geratzen diren banderen lehian aritzeko.

Donostiarrako eskifaia, herenegun, Lekeitioko bandera irabazi berritan, moilara bidean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Donostiarrak, poz!; lehen galduen ordainak oraingoan datoz». Lekeitio(Bizkaia) abiapuntu izan zuen estropada bati buruzko bertso sortaren pasarte horrek Donostiako arraunaren historiako lorpenik distiratsuenetako bat kontatzen du: 1890ean Luis Karrilen arraunlariek Lekeitio eta Getaria (Gipuzkoa) artean ondarroarrak azpiratu zituztenekoa. Ordukoan balentria handia egin zuten donostiarrek: mendeetan goratu eta gogoratu den garaipen bat izan zen.

Orduko sona izatetik urrun dago Kaiarribak herenegun Lekeition bertan irabazitakoa, baina pasarte horrek berdin balioko lieke egungo donostiarrei ere. Bai, behintzat, traineruko kideei. Lehen galduen ordainak jaso zituzten aurtengo Euskotren ligako estreinako garaipena lortuta. Igandera artean, banderez jabetu ezinda aritu ziren Jose Ramon Mendizabalen arraunlariak: Lekeition atera zuten arantza hori.

Kaiarriba nahi eta ezin aritu da ligako lehen zazpi jardunaldietan. Zortzigarrenean nagusitu da lehendabizikoz: «Kostatu zaigu, baina poz handia dugu», dio Naroa Urkola arraunlariak (Anoeta, Gipuzkoa, 1991). Haren esanetan, «lanean ari ginen, eta, asteburu batzuk igaro arren, eskuratu dugu bandera, eta pozik gaude».

Urkolaren esanetan, «lasaitasuna» eman die Lekeitioko banderak. Izan ere, lana ondo egin bai, baina garaipenik ez zen heltzen: «Taldeak beharra zuen irabazteko. Lortu genuen, eta lana fruituak ematen ari delako lasaitasuna ekarri digu».

Ordura artean Orio eta Donostia Arraun Lagunak nagusitu ziren Euskotren ligako estropada guztietan. Donostiarra batu da garaileen zakura. Lehendabiziko kaletik, bizi aritu ziren Lekeition; aurrez idatzitako gidoiak ez zuen hutsik egin, eta labarraren abaroan joan ziren kanpoko balizetaraino. Ziabogan, hiru segundoren aldea zuten Arraun Lagunak-ekiko, eta bostena Oriorekiko.

Gero, orekatzera egin zuten indarrek. Itzulerakoan, kanpoko kaleei distira atera zieten Donostiarraren segitzaileek, olatuz olatu aldeak murriztuz. Oriok eta Arraun Lagunak-ek aurrea ere hartu zieten batzuetan, baina lehendabiziko kalean azken metroetan aurkitutako olatu garbixeagoa baliatuta nagusitu zen Donostiarra: «Ziabogatik irten orduko, besteak gainera etorri zitzaizkigun, kaleak lagunduta, pentsatzen dut. Beroketan ikusi genuen gure kaleak apur bat oztopatzen zigula itzulerako luzea, baina [Nerea Perez] patroiak esan zigun lasai hartzeko, lanean jarraitzeko, amaieran gure kaleak laguntza zuelako. Igarri genuen».

Esan eta egin. Perezen eskaerak bere egin zituzten Donostiarrakoek, eta arraunketa luzeari emana segitu zuen eskifaiak. Horixe izan zen irabazteko gakoa. «Burua hotz mantendu genuen, atzetik joan ginenean ere. Nereak eskatu zuenean estutu genuen, eta azken olatuan aurrea hartu genuen».

Amaieran, Oriori segundo bat eta hemezortzi ehunen atera zizkion Kaiarribak, eta 1.90 Arrauni. Sailkapen nagusian hirugarren dira Donostiarrakoak, baina Urkolak dio «garaipenaren bila, estropadaz estropada» ariko direla aurrerantzean ere. Lortu dute estreinakoa, eta askotan huraxe izaten da lortzen zailena; segidan heltzen dira gero. «Ondo portatu zaigu patroia, Luis Karril; Bizkaiko txapelarekin, Donostian dabil», diote bertso zaharrek. Urkolak, Perez patroiak eta haien kideek, orain, Bizkaikoak ez ezik, kostalde guztiko banderak ere nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.