Arrauna

Lana berresten duen saria

Donostiarrak asteburu ona egin du Eusko Label ligan, lehenengo eta laugarren geratuta. Arkaitz Diaz patroiak esan du Kaiarribako kideak «gustura» ari direla.

Donostiarrako arraunlariak, larunbateko garaipena ospatzen. Sasoiko lehen bandera zuten. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Bandera bat lortu duzula jakiteak uneko poz handia ematen du, baina bozkarioa hazi egiten da hotzean hausnartutakoan. Egindako lanak zentzua hartzen du. Ordea, bezperako saio bikainari beste jardunaldi on bat gehitzeak esan nahi du eskifaia lan ona egiten ari dela: ez dago zalantzarik.

Eusko Label ligako Donostiarrak hori berretsi du asteburu honetan. Larunbatean, sasoiko lehen bandera irabazi zuen, eta biharamunean laugarren izan zen. Galiziako Rianxo eta Boiro herrietan egindakoen «balorazio positiboa» egin du Arkaitz Diaz Kaiarribakoen patroiak, eta, bereziki, igandeko jardunari erreparatu dio: «Larunbatean emaitza oso ona izan genuen, baina hura berresteko modu onena igandean ere ondo aritzea zen. Helburu hori lortu genuela uste dut».

Donostiarrek estreinako aldiz egin zuten arraun Rianxoko estropada eremuan, eta bandera etxeratzea lortu zuten. Bigarren txandan Urdaibairi aurrea hartu, eta itxaron egin behar izan zuten, ohorezko txandakoek zer egingo: «Alboan izaten ditugun aurkariak kontuan hartuta, txanda irabazteko borrokatzen gara. Bagenekien Cabo, Urdaibai eta Ondarroa aurkari gogorrak zirela, eta txanda irabazten saiatu ginen».

Saiatu, eta baita lortu ere. Gero, ohorezko txandakoek ez zuten haien denbora hobetu, eta banderaz jabetu ziren. Hori horrela, herenegun onenekin aritu ziren Boiron, eta irabaztetik lau segundo pasatxora geratu ziren: «Beste aurkari batzuekin aritu arren, borrokatzeko helburu horri eutsi genion. Uste dut egin genuela, eta ez da lehendabiziko aldia: Gipuzkoako Txapelketan eta Euskadikoan ere lortu genuen. Ohorezko txandan aritu garenean ere, itxura ona ematen ahalegindu gara, eta lortu dugu».

Bolada onean dago Donostiarra, eta asteburuko emaitzek aurrera begirako bultzada eman diete donostiarrei. Hala dio Diazek: «Emaitza hauek asko laguntzen dute. Hamabigarren jardunaldia pasatu dugu, baina oraindik geratzen da, eta ikusten dugu lehiakor gabiltzala».

Eusko Label ligako ontziek estropada garrantzitsua izango dute asteburu honetan: Zarauzko Ikurrina. Hari begira, Diazek dio «egunez egun» joan behar dutela: «Azken hiru urteetan pixka bat kostatu zaigu estropada eremu horretan. Gogotsu goaz, konfiantzarekin, baina errespetuz. Estropada guztiak ezberdinak dira, eta dagoen mailarekin gure onena eman beharra dago. Bestela, atzera egingo dugu segituan».

Hain zuzen ere, Diaz kontrarioei buruz aritu da, eta «oso indartsu» ikusten dituela azpimarratu du. Hala dio Donostiarrako txopakoak: «Topiko bat ematen du, baina errealitatea da: talde asko daude maila altuarekin, eta ez da inor baztertu behar edozer lortzeko horretan. Egun batean, denak dira gai muturra sartzeko».

Patroi onenaren saria

Bandera ez ezik, agintarien ontzitik, lemazain onenaren elastikoa ere eskuratu du Diazek. Horren inguruan galdetuta, Donostiarrako patroiak nahiago du «pluralean» hitz egin: «Uste dut talde guztiaren lana dela, eta askorik begiratu gabe baldin bada ere, saiatuko gara berdin jarraitzen».

Zortzi abagune ditu horretarako oraindik. Hori da Eusko Label ligari geratzen zaion estropada kopurua, eta, gaur-gaurkoz, Donostiarra laugarren da sailkapenean, Zierbena hirugarrenarekin berdinduta. Galiziako asteburu joriak eman dio horretarako modua; emaitzek ez ezik, sentipen onek ere berresten dute lan ona. Garrantzitsua da hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.