Arrauna

Oreka, ezustea, mamuak

Eusko Label ligako estropaden erdiak jokatuta, frogatu da erregulartasunak eta estropada on bat egiteak balio erantsia dutela. Koronabirusa da lehiak duen lasta.

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Gizonezkoen arraun liga nagusiak osatu du txapelketaren lehen zatia. Ontzi gehienak sailkapenean egonkortuta daude: batzuk, uste baino hobeto. Nahi baino okerrago dira beste batzuk. Lehen hamar jardunaldiak igarota, beren indarra agerian utzi dute zenbait taldek. Ez gora, ez behera daudenen artean, pozak handiagoak izan dira tristurak baino. Azken postuetan lehia bizi-bizi dago, eta jaitsieraren mamua saihestu nahian ari dira. Bada beste mamu bat, aurtengoan ere azaldu dena: koronabirusa. Arrisku handia du horrek ere.

ERREGULARTASUNA SARI

Santurtzi eroso dago ligako lehendabiziko postuan. Bizkaiko taldeak bost puntuko aldea du Hondarribia bigarren sailkatuarekiko. Erregulartasuna gako izaten ari da horretan: estropada guztietan lau ontzi bizkorrenen artean izan da Sotera.

Izan ere, garaipen kopuruari erreparatuta, hiruna dituzte Santurtzik eta Hondarribiak. Postu dantza baliatu dute Iker Zabalarenek, ordea: Ama Guadalupekoa antzera aritu da estropadarik gehienetan, eta lehen lau onenen artean sailkatu da hamarretik bederatzitan. Bigarren jardunaldian, Coruñan (Galizia) bederatzigarren sailkatu izana izan da berdeen lasta sailkapen nagusirako borrokan. Gauza bera gertatu zaie Zierbena hirugarrenari eta Orio laugarrenari. Bizkaitarrek bi bandera irabazi dituzte.

PATXADA ETA POZA

Goialdean ibiltzeko ontzietatik urrunxeago dago Urdaibai, nahiz eta bandera baten sariaz jabetu den. Sailkapenaren erdialdean aritzera deitutako gainontzekoak, berriz, patxadaz ari dira lanean. Batzuentzat gozamena da hori; besteentzat, gorago egon nahi eta ezinaren arrazoia.

Patxadatsuen artean dago Ondarroa, orain arteko ezustekorik handiena eman duen taldea. Arriskuko postuak urrun, historiarako geratuko zaie aurtengo sasoia: lehen aldiz Eusko Label ligako bandera bat irabazi zuten, laugarren jardunaldian, Zierbenan (Bizkaia) gailenduta.

ATZAPARKADA BATEN BILA

Denboraldiaren erdia igarotzerako, Tiranek eta Zarautzek urrun dituzte patxada ematen duten postuak. Azken-aurrenak dira galiziarrak, eta azken postuan gipuzkoarrak. Zama handia dute gainean: arriskuaren langa ezartzen duen Lekittarra-k hamar eta hamazazpi puntuko aldea ateratzen die, hurrenez hurren. Kontuak horrela, jaitsiera zuzena saihestea da bien lehendabiziko helburua.

Gaur-gaurkoz, kokapen hobea du Tiranek. Lan erdiak osatuta, zazpi puntuko aldea du zarauztarrekiko, eta, gorabehera handirik ezean, zaila da halako errenta murrizten.

Dena den, Enbata-k badu esperantzarako aukera bat: azken bost estropadetan ez da azkena izan. Txanponaren beste aldea da Tiranek behin egin duela hori. Buruz buruko lehian daude, eta Zarautzek estropada on bat egin eta puntuak atzaparkada batez biltzea behar du. Hor du besteekin aldea: gainontzekoek lortu dute (Tiran bosgarren izan zen laugarren jardunaldian), eta eurek ez. Hor dago koska.

BESTE AURKARIA: BIRUSA

Lehendik aldagai asko dituen kirolari beste bat batu zaio aurten ere: koronabirusa. Gaitzaren eraginak agertu dira Eusko Label ligan, eta Zierbenak eta Lekittarra-k bina estropada galdu dituzte horren ondorioz. Kontrara jokatzen duen faktorea da, dudarik gabe, eta, kirolaria lehiatzeko bizi denez, kalte handia egiten du arlo psikologikoan. Saihestu beharrean aritu beharrak tentsioa gehitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.