OINARRIAK, ATALKA

Berria -

2018ko uztailak 11
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus juridiko-politikoaren oinarriak adosterakoan, talde politikoek askotariko gaiak jorratu dituzte. Atal gehienak EAJk eta EH Bilduk hitzartu dituzte; eskubideenean, Elkarrekin Podemos batu zaie bi indar horiei.

Nazio izaera

«Euskal Herria nazio da horrela aitortzen eta identifikatzen duelako bere herritarren gehiengo batek, eta, gainera, zuzenbide konparatuan ezarritako parametro guztiak betetzen dituelako».

Erabakitzeko eskubidea

Galdetzeko gaitasuna. «Estatus berrian, euskal erakundeek gaitasuna izango dute herri galdeketak eta erreferendumak arautzeko eta kudeatzeko, beren eskumenekoak diren gai politiko eta sozialei dagokienez nahiz Euskal Herriko beste herrialde batzuekin, Espainiako Estatuarekin eta Europako eta nazioarteko beste lurralde politiko batzuekin izan nahi duen harremanaz».

Euskal lurraldeen harremana

Lankidetza, erabaki esparruekiko errespetuz. «Autogobernua berritzeak aitortu beharra dauka Nafarroako Foru Erkidegoarekin eta Iparraldeko euskal lurraldeekin eta beren erakundeekin lotura politikoak eta lankidetza harremanak ezartzeko eskubidea, egitura instituzional iraunkorrak ezartzeko aukera barne (...), lurralde bakoitzeko erakundeen erabakiekiko erabateko errespetuz eta unean uneko prozedura legalen barruan».

Espainiarekiko harremana

Kontzertu politikoa. «Estatuarekin harreman eredu berri bat eratuko da, alde bikoa, berdinen artekoa, elkarrekiko errespetuzkoa eta aitortzazkoa, izaera konfederalekoa».

Euskara

«Herritarrei berdintasunez, modu errealean eta egiazkoan aitortuko zaie beren hizkuntza hautua erabiltzeko aukera. Euskal erakundeek egungo desoreka gainditzea ahalbidetuko duen hizkuntza politika bat sustatuko dute».

Eskumenak

Eskumen esklusiboak. Hizkuntza, kirola, kultura, osasuna, segurtasuna, enplegu publikoa, zuzenbide zibila, Kontzertu Ekonomikoa, antolaketa instituzionala. Lurraldeko baliabide naturalen titulartasuna, lan harremanak eta Gizarte Segurantza.

Eskumen zabalagoak. Kanpo ekintzan eta nazioarteko harremanetan. Aldebikotasuna blindatzeko mekanismoak.

Botere publikoak

Parte hartzea, arautua. «Zuzenbide estatu demokratikoaren ohiko hiru botereak» izango ditu EAEk: legegilea, betearazlea eta judiziala. Horrez gain, herritarren parte hartze eskubidea aitortzen du, eta egungo egituraketa instituzionala izango du abiapuntu.

Erregimen ekonomikoa

Kontzertu Ekonomikoa izango da erregimen horren ardatza, eta subjektu politiko eta juridiko berriak gaitasuna izango du bere politika ekonomikoa eta zerga politika ezartzeko, eta bere esku izan beharko lituzke «alor estrategikoetako» eskumenak ere, «garapen ekonomiko osoa» lortzeko; horien artean jaso dituzte nekazaritza, industria, energia, azpiegitura eta telekomunikazio politikak. Zor publikoa jaulkitzeko ahalmena eta finantza erakunde publikoak sortzeko gaitasuna. Estatuak ezingo ditu aldebakartasunez ezarri defizit, zor eta gastu mugak.

Eskubideak

Emakumeenak, berariaz. Diru sarrerak bermatzeko, hezkuntzarako, osasunerako, zaintzarako, lanerako eta etxebizitzarako eskubideak aitortzen dira. Berariaz jasotzen dira andreen eskubideak: garapen pertsonalerako, askatasunerako eta aukera berdintasunerako, indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eta ?demokrazia paritariorako. ?Euskara doan ikasteko eskubidea, «eguneroko bizitzan eta lanean normal jarduteko moduko komunikazio gaitasunak eskuratu arte» .

Nazioarteko harremanak

Nazioarteko erakundeetan ordezkaritza izateko eskubidea, barruti propioa Europako Parlamenturako hauteskundeetan, parte hartze zuzena Ecofinen EAEren eskumeneko gaietan, Euskal Herriko lurraldeak bilduko lituzkeen euroeskualde bat osatzea, kirol selekzioen eta erakunde kulturalen aitortza eta nazioarteko proiekzioa.

Estatutuaren erreforma

Ekimena, pluralagoa. Estatutua moldatzeko ekimena izan dezakete Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, udalen %20k (biztanleriaren %15 ordezkatzen badute gutxienez) edo gutxienez herritarren %5ek, herri ekimen legegilearen bidez. Estatutu berrian galdeketa gaitzailearen aukera jasoko da etorkizuneko balizko erreformetarako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria