Transexualitea Hezkuntzaren egitekoa. IRITZIA

Transexualitatea ederra da

Kattalin Miner - Kazetaria eta Medeak taldeko kidea

2015eko ekainak 28
Zaila egiten zait, transexualitateari dagokionez, pertsonala eta politikoa —hain estu doazela aldarrikatzen ditugun horiek— banatzea, egoerak hala eskatzen duenean. Hain zuzen, eskatu baitidate gaurkoan atzera begirako bat, bizitakotik bada ere, duela zortzi urteko egoera eta gaurkoa alderatzea helburu duena.

Duela zortzi urte diot, orduan izan baitzen nire lagun min eta kide Amaia-Aimarrek bere buruaz beste egin zuen garaia. Pentsatzeko ariketa da gaurkoa, galdera potoloak buruan barrena ditugula: zenbat aldatu dira garaiak? Zenbat aldatu dira gaiarekiko ezagutza, onarpena, jakintzak, sentsibilitatea...? Galdera arriskutsuak egiten zaizkit; izan ere, sentimendu pertsonalek kolpatuta, ezinbestean gauzak hobetu direla onartzeak bigarren galdera dakarkidalako: eta gaur egun gertatu izan balitz, bizirik ote zegokeen nire laguna?

Analitikoki —politikoki— azken galdera horrek duen antzutasunaz ohartuta, lehenengoei eustea besterik ez dagokit gaurkoan.

Ezin da auzitan jarri hezkuntzak, borrokek, politikek nola eragiten duten afera batzuen inguruan ditugun pertzepzio eta iritzietan. Bizipenetan, errekurtsoetan. Gogoratzen baitut 18 urte nituenean nik neuk transexualitateari buruz nituen ezagutzak eta bizipenak ez direla gaur egun ditudanak. Zerbaiti buruz ikasi badut denbora honetan, generoaren lausotasun eta malgutasunaz ikasi dut. Gizon-emakume kartzelak gugan eragiteko duen gaitasunaz, baina guk geuk hori bera dinamitatzeko dugun gaitasunaz ere bai.

Akorduan dut orain bederatzi urte nire lagun Moiok transexuala zela esan zidanean ez nintzela harritu, ezta gehiegi izutu ere. Maitasun hutsetik bada ere, babestu eta onartzea besterik ez zitzaidala geratu eta atera.

Baina zerbait ikasi badut, ikasi dut jendarte honen usteen aurka sarri borondate ona eta maitasuna ez direla nahikoa. Izan ere, garai hartan nire zein jendartearen ezjakintasunak izutzen ninduten. Eta zer egin ez jakiteak ere bai: nondik jo, zein hautu egin...

Izan ere, orduan oraindik pentsatzen eta sinesten bainuen egun indarrean jarraitzen duen ideia: «okerreko gorputzean jaio» izanaren ustea. Okerreko gorputzean jaio. Gaur egun dakidana jakin izan banu orduan, ozen aldarrikatuko nukeen gorputz orok nahi duena izateko duen eskubidea eta aukera. Neska mutildurik ez dela existitzen genero kontuetan, ezta mutil neskaturik ere.

Neska eta mutila eraikuntza sozialak direla, eta ez inola genitalei dagozkien kontuak.

Handik aurrera ezagutu ditut hamarnaka transexual eta transgenero, eta trans izaera hori mila modutan bizitzeko aukerak daudela ere ikusi dut. Ezagutu ditut, bizi izan ditut, eta aldarrikatu nahi ditut zoriontasuna ukatu ez zaien gorputz transak. Badirela, desiragarriak eta desiratuak direla, ederrak direla. Haien gorputzak guda zelai izatetik gudarako erreminta bihurtu dituztela. Maitasunak eta borondate onak ezagutzarekin eta askatasunarekin bat egiten dutenean ez dagoela inoiz gehiago okerreko gorputzik.

Beraz, ez dakit zenbat aldatu diren gauzak, ez bada gu aldatu garela; ni aldatu naizela behintzat. Hala ere, gauza bat esango dut, zintzotasunez: ezagutzen ditudan trans gehienak estatuko hiriburuetara exiliatutakoak dira; hortaz, hurrengo erronka Euskal Herria bera transexualitatea aske eta gozo bizi eta borrokatzeko espazioa izatea dugu.

Beraz, Laverne Cox trans aktibista eta aktoreak haur transexual bati esandako hitzak paratuko nituzke. Badauden, bagauden eta badatozen gorputz horiei guztiei esateko: «Gogoratu, maitea: transgeneroa ederra da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna