Andoni Imaz.
ANALISIA

Festaren koda

2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Will Smithen zaplazteko penagarri eta hitzartze are penagarriagoaz gain, ezin esan gauza gogoangarri askorik gertatu denik aurtengo Oscar sarietan. Baldin eta oraindik posible bada Oscarretan pentsatu, eta ezer gogoangarririk gerta litekeenik imajinatzea. Betikoa da: inor gutxik ukatzen du eredu guztiak krisian daudenik; zailagoa da asmatzea zein izango den egungo simulakroaren hurrengo agertokia.

Sundanceko garaipenaren ondoren, Sian Hederren CODA, Nomadland iazko irabazlearen antzera, espiritu independentearekin iritsi da gailurrera —nahiz eta La famille Bélier filmaren (2014) remake bat den—. Nomadland Disneyk bedeinkatu zuen; CODA, Applek; banatzaile batek inoiz erositako filmik garestiena da. Handikeria, oroz gain.

Film atsegingarri bat da, asmo komertzialekoa, neurritsua. Horrelako lanek, baina, ba ote dute tokirik ereduen balantza horren erdian? Momentuko joeretatik aparte istorio sinple bat inolako bereizgarririk gabe kontatzen duten lanek badute arrakasta izateko modurik egun?

Zinemetan, nekez. Plataformetan, Applek Netflixi irabazi dio. Alfonso Cuaronen Roma-rekin gertatutakoa industriari buruz aritzeko paradigmatikoa bihurtu denez, aurtengoa pareka liteke 2019koarekin: Green Book-ek irabazi zuen sari nagusia, eta Cuaroni zuzendaririk onenarena eman zioten. Aurten, Jane Campionen The Power of the Dog-ek zirudien autore proposamenik sendoena, eta hark ere kontsolamendu sari hori besterik ez du lortu. Zaharrak berri, beraz.

CODA ez da gogoangarria, eta zinemagile kontsakratuen gainetik saritu izanak azkura eragin die bati baino gehiagori, baina, egia esan, ez da inolaz ere nabarmenduko azken urte luzeetan saritu dituzten gainontzeko erdipurdiko filmen artean.

Kasualitatez, sarituen artean topo egin dute CODA-k eta Drive My Car-ek, klimaxean zeinu hizkuntzaz hitz egiten duen beste filmak. Hortxe, zaplaztekoetatik urrun atsegin hartzeko bi lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.