KRITIKA. Antzerkia

Txori bat etxean

Agus Perez

2015eko apirilak 21
'Su izan nahi'

Taldea: Metrokoadroka. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Eguna: apirilaren 18a.

Hileta bateko irudia aurkitu dute ikusleek aretora sartzean: hilotza erdian etzanda, organo musika airean eta apaizak latinezko hitzak meza-liburu batean irakurtzen. Baina San Agustin komentuko eliza zaharrak laster berreskuratu du bere oraingo antzoki itxura, eta hileta zirudiena beste gauza bat bihurtu da, hasiera emanez errealitatearen interpretazio poetikoan oinarritu den bidaiari.

Ibilbide horretan zehar, eta kolektiboaren izaera pluralari men eginez, zenbait arlotako osagaiak elkartu eta banandu dira etengabe, izaki misteriotsu eta konplexu baten arnasa balira bezala. Orain dantza pasarte nahita desorekatuak etorri dira, Beratarbideren zuri-beltzeko proiekzioak atzean zeudela; orain nor bere baitako korapiloa askatu ezinaren irudikapena, Julio Cortazarren ipuin batean inspiratua; orain Sarasolaren eta Guillanen olerki garaikideak, berez existentzialista zen proposamena are urrunago eramanez...

Musika, arte plastikoak, literatura eta antzezpena dira Metrokoadroka kolektiboko partaide hauen berezitasunak, eta haien guztien elkarketa emankorra bilatzen dute, sakon bilatu ere, arlo formalean. Bilaketa horren ondorio izan zen Poza, zergatik dantzatzen dute bosniarrek? zoragarri hura, eta bilaketa beraren ondorio da oraingo Su izan nahi hau. Euskal kulturaren belaunaldi berriaren ordezkari hauek kode eszeniko eder bat aurkitu dute, lotura esanguratsua ezarriz mugimendu berean kokatu daitezkeen beste sortzaileekiko eta haiekin konpartituz funtsezko galdera existentzialak plazaratzearen beharrizana eta gauzen gaineko ikuspegi poetiko erostezina.

Proposamen honetarako, besteengan utzitako arrastoa, geroan nor izango garen eta iraganak zelako marka utzi digun bezalako auziak izan dira ikerketaren ardatza. Beren estilo sailkaezinaren erroak zintzotasunaren lurrean sakontzen dira, eta bilaketa poetikoaren bidetik altuera nahikoa hartzen dute etxean txori bat edukitzea bezalako bizipen pertsonal arruntek, baina proposamenak are altuago jotzen du Guillan eta Sarasolaren gogoeta ederrak tartekatzen direnean.

Esandako guztia soiltasun estetiko handian gertatu da, besaulki tolesgarri hirukoitza gailu eszeniko ia bakarra izanik, eta aipatzekoa da interpreteek beraiek kontrolatu dituztela soinu eta argi mahaiak, alboetara egindako sartu-irtenak aprobetxatuz. Taula gaineko interpreteek beren barne bidaia gurutzatuak gauzatzen zituzten bitartean iltzatuta geratu dira ikusleak, isiltasun liturgiko batean murgilduta baleude bezala, eta dena amaitutakoan bihotzez eskertu dute Metrokoadrokako kideek emandako oparia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna