KRITIKA. Dantza

Teknika bikaina

Dantzariak, Wad-Ras piezan. JOSEP M. AZNAR / IT DANSA.
Agus Perez.
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun

'IT Dansa'



Konpainia: IT Dansa. Piezak eta koreografoak:The Prom (Lorena Nogal), Wad-Ras (Montse Sanchez, Ramon Baeza), Lo que no se ve (Gustavo Ramirez Sansano), Kaash (Akram Khan). Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Ekainak 3.

Gasteizko Principal antzokian izan dugu Kataluniako Institut del Teatre dantza konpainia gaztea ezagutzeko parada. Duela hogeita bost urte sortutako konpainiak jaioterri askotako hemezortzi dantzari gazte batzen ditu gaur egun, eta lau piezatako egitaraua ekarri du Euskal Herrira.

Bitxia bada ere, antzeko ezaugarriak eduki dituzte lau piezek, sortzaile diferenteak izan dituzten arren: jantzien koloretasun falta izan da antzekotasun nabarmenena —beltza, urdin iluna eta grisen gamakoak izan dira jantzi guztiak— eta laurek eduki dituzte oso hasiera geldoa eta bizpahiru amaiera posible, alferrikako luzamenduetan alferrik galdu direnak.

Gaualdiko lehen piezaren hasieran —The Prom— mutil dantzari batek bere trebetasun akrobatiko harrigarria erakutsi digu zoruan edo airean zeuden objektu ustez estatikoak mugiarazi nahian, eta gero etorritako dantzari guztien teknikaren bikaintasuna dastatu dugu xede horretarako beren-beregi diseinaturiko dantzan. Konplexutasun handikoa suertatu da koreografia —efektismoa nagusi, hala ere—, eta, esan bezala, ezertara ez zetorren bigarren amaiera bat eduki du Elvisen Can't Help Falling in Love abestiaren diseinuzko bertsio baten pean.

Wad-Ras deitu da bigarren atala, Bartzelona hiriko emakumeen espetxea gogoan, eta horretan sei mutil aritu dira flamenkoan erritmoak eskuz sortzeko kaxa banaren gainean. Honetan ere nahikotxo luzatu da alferrikako hasiera geldoa —uste dut kartzeletan gauzak ez direla inoiz emeki hasten—, baina geroko jauzi koordinatu kementsu eta amorru eztanda kolektiboetan lortu da hango giro gogorra duin islatzea, emakume baten ahotsak rap ijito baten moduan bere bizipenak aletzen zituela.

Aldiz, hirugarren zatiak —Lo que no se ve— erromantizismo betean murgildu gaitu. Urdin ilun-ilunez jantzitako bi emakumeren, bi gizonen eta bikote misto baten duo sofistikatu eta kementsuetan Franz Schuberten melodia ederrak entzun ditugu, eta dantzarien arabeskoetan berriz ere geratu da agerian haien guztien teknika orbangabea, nik barne dentsitatea eta gorputzen malgutasun handiagoa eskertuko nituzkeen arren.

Azkenik, Akram Khan handiaren Kaash etorri da, Anish Kapoor-en arte-mailako diseinu eszenografiko batean. Nitin Sawhney-ren soinu-banda inguratzailea perkusio kementsuetan eta silabek osatutako ahots-kolpe errepikatuetan oinarritu da, arima gorputzetik haragoko egoera baterantz bideratuz. Hiru sortzaileek edaten dute beren hindi erroetatik, eta diseinu koreografikoak ederto elkartu ditu Indiako kathakali adierazpidea eta Mendebaldeko dantza garaikide gorena. Erritmo indartsuak apaldu eta argiak gorri ilunera biratu direnean egoera hipnotiko batean sartu gara, dantzariek besoen mugimenduei emandako energiak lagunduta. Maila goreneko dantzan bakarrik gertatzen da opari hori, eta harekin batera etorri ohi da beste fenomeno harrigarri bat, alegia, une batetik aurrera sentitzen dugula dantzarien oinek ez dutela batere hotsik egiten behegainaren kontra, gorputza izpirituaren adierazgarri hutsa bihurtuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.