Gorroto delitua. Datuak

Ezberdina izatearen zigorra

Azkenaldian areagotu egin dira arraza, etnia, erlijioa, desgaitasuna edota sexu eta genero identitatea dela-eta eginiko erasoak Euskal Herrian. Hamar lagunetik batek baino ez ditu salatzen

Bilbo. Arrazakeriaren aurkako manifestazio bat, martxoan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun

Talde bateko kide izateagatik eraso bat jasatea, baldin eta talde hori arraza, jatorri, etnia, hizkuntza, azal kolore, erlijio, sexu, adin, desgaitasun edo orientazio sexualaren arabera osatua badago: horixe jasotzen du Espainiako Zigor Kodean 2015etik txertatua dagoen gorroto delituak. Alegia: beltza, homosexuala edo musulmana izateagatik beragatik erasotua izatea, adibidez. Ezberdina izateagatik jasotako zigorra da, funtsean: gehiengoan dagoen eta nagusi den horren antzeko ez izatearena; eta, beraz, baztertua. Frantziako Zigor Kodeak ere arau hauste modura zigortzen ditu gorrotoa, indarkeria eta arraza diskriminazioa sustatzea —erlijioa, azal kolorea eta jatorria aipatzen ditu Frantziako legeak; ez, ordea, sexu identitatea, adibidez—.

Azkenaldian emandako datu eta kasuek erakutsi dute Euskal Herrian areagotzen ari direla gorroto mota horren adierazpenak edo salaketak. Espainiako Barne Ministerioak iragan astean argitaraturiko ikerketa baten arabera, erraterako, gisa horretako erasoak %9,3 areagotu dira aurtengo lehen seihilekoan, 2019arekin alderatuta —2020an konfinamendua eta joan-etorrien murrizketa zegoela kontuan hartuta egin dute alderaketa duela bi urtekoarekin—.

Eman dituzte Hego Euskal Herriko datuak ere: ikerketa horren beraren arabera, Arabak gorroto delituen 13,48ko tasa du 100.000 biztanleko; Bizkaiak, 10,26koa; Gipuzkoak, 7,84koa, eta Nafarroak, 7,7koa —Ipar Euskal Herriko daturik ez dago—. Ikerketak berak dio, nolanahi ere, gorroto delituak jasaten dituzten hamar lagunetik batek baino ez dutela Poliziaren aitzinean salatzen gertaturikoa. Beraz, litekeena da kasuak hamar aldiz gehiago izatea.

Gero eta ugariagoak dira komunikabideetan hedaturiko gertaerak ere: Eusko Jaurlaritza ikertzen ari da, erraterako, duela bi aste Zornotzan (Bizkaia) gertaturiko erasoan gorroto deliturik ba ote dagoen —23 urteko mutil bat jipoitu zuten, eta dagoeneko hamalau gizonezko atxilotu dituzte erasoarekin lotuta—. Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak joan den astean adierazi zuen litekeena dela eraso horretan gorroto delitua egotea, «erasoa jasan duten zenbait pertsonaren ezaugarriengatik» egin ziotelakoan eraso. Zupiriaren arabera, «bizikidetzaren eta pertsonen duintasunaren aurkako erasoa» izan zen gertaturikoa. Jipoia jasan zuen mutila Gurutzetako erietxean dago oraindik ere (Bizkaia), egonkor baina larri. Ugariak dira homosexual eta transexualei azkenaldian egindako erasoak ere, Gasteizen eta Lizarran (Nafarroa) azken asteotan LGTB mugimenduak salaturikoak lekuko.

Espainiako Barne Ministerioak egindako ikerketaren arabera, arrazakeriaren eta xenofobiaren ondorioz gertaturikoak dira gorroto delitu gisa sailkatuta aurten salaturiko eraso gehienak, eta ondotik daude, hurrenez hurren, ideologiagatik, orientazio sexualagatik, generoagatik, erlijioagatik, elbarritasunengatik, ijito izateagatik, eritasunengatik, pobrea izateagatik, adinagatik, eta judua izateagatik egindako erasoak.

Poliziak ere bai

Herritar arruntek egindakoak ez ezik, Poliziak egindako erasoak salatzeko, Bizkaiko SOS Arrazakeria elkarteak Zergatik niri? izeneko atari digitala jarri du martxan. Izan ere, frogatu nahi dute «praktika sistemiko bat» direla profil etnikoaren arabera egiten diren polizia geldialdiak. Web orrian bertan jakinarazi dutenez, 2020ko arrazakeria kasu gehienak instituzioek egindakoak izan ziren (%48,5), eta horietatik %40 Poliziari zuzendutako salaketak dira. Salatzaileen artean ia %44 magrebtar jatorrikoak dira, eta %39, Saharaz hegoaldeko afrikarrak.

Irakurri gehiago:Mikel Mazkiaran. SOS Arrazakeriako kidea eta abokatua: «Beti egongo dira arazoak gorroto delituak frogatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.