BAKARRIZKETA

Diru publikorik ez publikoa maite zuenarentzat

Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
1. Bazen garaia norbaitek antzerki munduaren kexuei jaramon pixka bat egiteko! Ez dut nik esango antzerkiak merezi ez duenik, baina ez naiz hortaz ari. Publikoaren arreta bereganatzea maite duen gizon bati buruz ari naiz, baina ez da aktorea, enpresaburua baizik: Enrique Sarasola. Kike izenez ezaguna, haren aita Enrique Sarasola Pichirri-rekin ez nahasteko.
2. Izen hori nonbait entzun dut, baina ez dakit non. Badakit The Economist irakurtzen dituzun plantak egiten dituzula, baina zure benetako afizioa telebista saio kaskarin horiek dira, eta ziur aski hor ikusiko zenuen Sarasola, Este hotel es un infierno programa aurkeztu baitzuen2017an.
3. Hotel negargarri batetik bestera ibiltzen zen hortz zuri-zuriko burusoil hori? Horixe bera. Ez zuten ausaz hautatu, Kike Sarasola hotelen arloko enpresaburua baita, 2000. urtean Room Mate katea sortu zuenetik. Donostiako Gipuzkoa plazan dago horietako bat.
4. Eta zer gertatzen zaio Sarasolari? Bere hotel katea oso larri dabilela diruz. Pandemiaren aurretik ere bazituen arazoak—100 milioi euro zor zituen, hedatu eta hedatu ari zelako—, baina ia bi urtez diru sarrera txikiak izan ondoren, 52 milioi nahi zituen zuloa estaltzeko. SEPIk, ordea, ukatu egin dio.
5. SEPI? Bai, Espainiako enpresa publikoak edo haren partaidetzak biltzen dituen sozietatea da. Konfinamendua hasi zenean, Espainiako Gobernuak 10.000 milioi euro eman zizkion,pandemiaren erruz eror zitezkeen enpresa estrategiko bideragarriak erreskatatzeko. Euskal Herrian, Tubos Reunidosek jaso du dirua (113 milioi), baina turismo sektorekoek eskuratu dute diru gehien: Air Europa, Plus Ultra, Hotusa, Avoris...
6. Beste behin, diru publikoa galera pribatuak estaltzen. Eta Sarasolaren kasuan, deigarriena da Espainian ustezko liberalismoaren bi izarren gertukoa dela. Haren aita, Enrique Sarasola Lertxundi donostiarra, Felipe Gonzalezen adiskidea zen, eta, kontatzen denez, komisio handiak jasotakoa harreman horri esker. Semeak ere gorritzat dauka bere burua, baina Ciudadanosera egin zuen salto gero—Albert Riverari luxuzko etxebizitza bat utzi zion, eta Madrilgo enpresaburuei aurkeztu zien—, eta, gero, konfinamenduaren hasieran, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen esku utzi zuen apartamentu bat. Mesedeen truke egin ote zuen ikertu zuen fiskaltzak, baina ez zuen irregulartasunik topatu, eta Diaz Ayusok bizitokia ordaindu zuela erakusten zuten fakturak erakutsi zituen.
7. Pertsonaia bat. Eta oraindik ez dizut esan Atlantako, Seulgo eta Bartzelonako Olinpiar Jokoetan parte hartu zuela zaldun gisa, Espainian armairutik atera ziren eliteko lehen kirolarietako bat izan zela, haurdunaldi subrogatu bidez bi seme-alaba dituela, Panamako paperetan agertzen zela, eta zerga iruzurraz akusatu dutela.
8. Hotelak itxi beharko ditu? Ez. Erreskate publikoaren beharrean, erreskate pribatua jaso du Room Matek: Angelo Gordon AEBetako putre funtsak azken unean erosi egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.