Arrauna. Liga

Lehiatzen jarraitu beharko dute

Azken estropadara arte lehia estua izan da, baina, azkenean, Zarautzek jokatuko du mailari eusteko kanporaketa. Pedreña, San Pedro, Samertolameu eta Tiran izango ditu aurkari 'Enbata'-k.

Zarauzko trainerua ziaboga batean, Boiroko estropadan. AITOR AGIRREZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Berdinduta iritsi ziren Zarautz eta Ares azken estropadara, mailari eusteko azken postua jokoan zutela. Azkenean, Ares gailendu zitzaion Zarauzko traineruari, eta Enbata-k kanporaketa bidez irabazi beharko du Eusko Label ligan jarraitzeko eskubidea.

Inoizko ligarik parekatuenetako bat izan da aurtengoa. Zarauzko Imanol Eizagirre arraunlariak ez zuen espero hain lehia estuadenboraldi honetan, eta traineru guztien maila nabarmendu du:«Ez genuen uste hainbesteko parekotasuna egongo zenik; sasoi bikainean aritu gara ontzi guztiak uda osoan. Liga oso gogorra izan da». Oso segundo gutxitan traineru asko sartzeak sailkapena estutu duela uste du: «Aurten, dena parekatuago egon da. Edozein estropadatan, traineru onenak aukera izan du azken postuan amaitzeko».

Zoramena izan da nagusi aurtengo Eusko Label ligako ia estropada guztietan. Gorabehera askoko denboraldia izan da, eta zarauztarrak seguru ziren azkeneko momentura arte borrokatu beharko zirela: «Hasieratik sasoia nola joan den ikusita, guk beti esan izan dugu azkeneko estropadara arte ez zela erabakiko, eta ordura arte lehiatu beharko ginela; halaxe izan da azkenean».

2010etik TKE-n lehiatu gabe zen Enbata, eta, aurreko sasoian, igotzea lortu zuten. Aurtengo sasoia «opari» modura hartu dute: «Aurreko urtekoa ikusita, aurtengoa sari bat izan da. Gure helburuak disfrutatzea, azkeneko momentura arte borrokatzea etaazkeneko postuan ez egotea izan dira».

Zarauzko herritarrek, baina, ezin izan dute Enbata zuzenean ikusteko aukera askorik izan. Zaleen animoen falta sumatu du Eizagirrek: «Estropadetara biltzen diren zaleen animoak ilusio berezi bat sortzen du, eta haien animoek sekulako bultzada ematen digute. Aurten, egoera honekin, jendeak ezin izan du etorri, baina herria oso inplikatuta egon da. Kalean, jendeak animoak ematen dizkigu, eta oso gustura gaude».

Ez da erraza izango

Kanporaketa jokatuko duten traineruek datorren denboraldian Eusko Label ligan aritzea izango dute helburu. Zarautzekin batera, KAE ligako Pedreña eta San Pedro, eta Galiziako Tiran eta Samertolameu lehiatuko dira kanporaketan. Lehia estua izango delakoan dago: «Gogorra izango da. Ikusi da Pedreña eta San Pedro sasoiko daudela, eta, galiziarren erreferentzia askorik ez izan arren, seguru indartsu daudela».

Aurreko denboraldian bezalaxe, aurten ere kanporaketa jokatuko du Zarautzek. Egoera, baina, guztiz ezberdina da: aurreko sasoian, KAE ligatik igotzea zuten xede; aurten, aldiz, ez jaistea. «Aurreko urtekoa ezberdina izan zen. Uda osoan bandera asko irabazi genituen, eta kanporaketa ilusioarekin hartu genuen. Halere, gu ilusioz beteta joango gara aurten ere», esan du Eizagirrek. Kanporaketa jokatzea ez zaie arrotza egingo, eta, aurreko sasoian ez bezala, aurten, esperientzia lagun izango dute: «Aurreko urtekoa berria izan zen guretzat. Berria izate horrek urduritasuna sortzen du. Esperientzia izateak eta sasoi hau TKE-n lehiatu izanak lagundu egingo digu: lasaiago joango gara».

Deustu, Kontxatik kanpo

Deustuko neskak ez dira Kontxako Banderan lehiatuko. Koronabirus kasu bat atzeman zuten atzo Deustuko arraunlarien artean, eta, protokoloari jarraikiz, ezingo dute parte hartu. Taldeko arraunlari guztiak ondo daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.