Haizea Barcenilla

Zokora doan kultura

2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Atsekabez jaso dut Ane Rodriguezek Tabakalera utziko duen berria. Atsekabez, baina ez guztizko ezustekoz, Donostiak azken urteetan garatu duen kultur ibilbidea ikusita, aspaldi nekielako ez zuela gehiegi iraungo. Bastioia zen Rodriguez, artea ikusteko modu jakin baten azkenetako adierazlea hiriko instituzioetan, espektakuluaren argizko gortinaren atzean ezereza landatzen duen kulturaz mozorrotutako kapitalismoaren etsaia. Eta berarekin batera, guztiok galdu dugu guda.

Norbaitek esango du esajerazioetan nabilela, zuzendari berria etorriko dela eta agian kulturaren antzeko ikuspegia duen programa bultzatuko duela. Asko poztuko nintzateke konfundituko banintz, baina ez dut uste hala izango denik. Nahikoa izan zait Diario Vasco-n argitaratutako testua ikustea bidea aspalditik markatua dagoela baieztatzeko. Dimisioetan eta heriotzan errespetatzen den egun batzuetako alabantza jarioaren ohiturarekin apurtu, eta zenbaitzuek proiektuarekiko leialtasuntzat har zezaketena berez «malgutasun falta» zela esaten da; beste akats bat programak erakusketa «behin baino gehiago ikustea» eskatzen zuela omen da. Esfortzu itzela, alegia: ezagutu berri dugunaren gainean pentsatzea. Ulertzen dut zein beldurgarria izan daitekeen hori agintari askorentzat.

Hala ere, ez zen Diario Vasco-ren pistarik behar: itzela da azken urteetan Donostiak erakutsi digun artearen eta kulturaren suntsipena. Kultur hiriburutza sustatu, bidean gero eta espektakularrago bihurtu, errotiko proiektuak galtzen joan; kultur eragileak prekarioki formatu eta erre, guztia Europa mailan irudi jakin bat emateko eta Turismo Jainkoa erakartzeko. Eta behin kulturaren festa handia pasatuta, langile horiek abandonatu; oinarrizko sorkuntza eta zabalkuntza-sarerik ez bultzatu; pintxoland-aren turismoa kontsolidatu, eta dirua ematen duten industriak kulturaren etorkizun izendatu, beste esparruei (ostalaritza, souvenir-dendak, AirBnB-ko pisuak) onura ekartzen ez dietenak, aldiz, gutxietsiz eta baztertuz. Estrategia hain zen aurreikusgarria, agente askok ekintzatik kontra egin zezaketela uste, eta profezia konpli zedin saihesten saiatu zen, ekimenetan parte hartuz. Baina alferrik: profezia pausoz pauso betetzen doa.

Hau izango da 2019ko Donostia: Koldo Mitxelena Kulturguneko erakusketa aretoa desagertuko da. Izan ere, bi arduradunak jubilatu ostean ez zen erreleborik kontratatu, eta noraezean doa espazioa, azken kolpearen zain. Tabakaleran, bitartekarien prekarizazioak eta iragarritako industria kulturalen sarrerak ekonomia mota jakin batera darama: sistema onartu eta beren kabuz lehiakorrak direnek iraungo dute bizirik. Arteak eta kultura esperimentalak apurka gutxitu eta zokoratuko dira; ziurrenik, espezialistentzako izkina bat mantenduko da, publiko orokorrarekin gehiegi nahasten ez dena, jendea molestatu gabe «gure gauzez» hitz egiten jarraitu dezagun. Guztia pintxoen eta pisuen prezioa gora doan bitartean.

«Hirien festibalizazioa» izango litzateke aurtengo kultur balorazioaren izenburua, eta Zinearen Hiria izateko erronka hartu du zentzu horretan Donostiak, alegia, zinema-areto independente bakarra duen 200.000 biztanleko hiria; baina badu zinema eskola modako eraikinean eta festibala urtean behin, eta hori da azken finean irudi internazionala proiektatzeko minimo beharrezkoa. Horrek ziurtatuko du, behintzat, Tabakalerako bideo programazioak iraun ahal izatea.

Tabakalerako erakusketa batzuk ez zaizkit gustatu; beste batzuk bai. Baina horrek ez du garrantzirik, instituzio hori ez delako nire gustuei erantzuteko sortua izan. Bere lana kulturaren eta artearen adierazpen mota gazte, berri, esperimental, apur bat arriskatua eta saiakerakoari garatzeko esparrua ematea da. Ane Rodriguezek programazio mota hori defendatu du, Euskal Herriko panoramaren aniztasunean, Tabakalera delako arte mota jakin hori eskaintzen duen leku bakarra. Eta nago bere ukoan kulturaren behar hori ikusten ez duen klase politiko baten injerentziak eta presioak eragin duela. Guztion galera da eta behingoz ahotsa altxatuko dugula eskatu diot Olentzerori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.