Arrauna

Eromenean, lider

Urdaibai Eusko Label ligaren buruan da, azken bi estropadetan 11 punturen errenta irauli eta gero. Sailkapeneko lehen lau ontzien artean lau punturen aldea dago.

Urdaibai Bilboko bandera ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Parekatua dago Eusko Label liga aurten: lehen lau ontzien artean lau punturen aldea dago. Larunbateko eta igandeko estropadekin, pentsatzekoa zen sailkapen orokorrean aldaketak egongo zirela; Urdaibaik asteburua lehen postuan amaitzea, ordea, inork gutxik espero zezakeen. Alain Kolunga Bou Bizkaia ontziko arraunlaria pozik da lortutako sariarekin: «Ez genuen espero lider izatea. Gure aldetik ere ez genuen hain errendimendu ona espero, eta gutxiago lidergoa. Ez da batere ohikoa hamabi punturen aldeari buelta ematea asteburu batean». Bilboko eta Lekeitioko estropadak jokatu baino lehenago, laugarren postuan zen Urdaibai, Santurtzitik 11 puntura. 23 eskuratu, eta sailkapenaren buruan jartzea lortu zuten.

Ezin hobeto ekin zioten asteburuari. Bilboko uretan beste traineruek baino lehenago gelditu zuten kronometroa. Erlojuaren aurkako proba irabazita, konfiantzaz gainezka zeuden: «Larunbateko banderak poz handia eman zigun. Errekan egin ziren denbora onak ikusita, guk hori hobetu genuela ikusteak oso pozik jarri gintuen».

Igandean iritsi zen triskantza. Hondarribiak lortu zuen Lekeitioko bandera, bigarren txandatik aterata. Ezustekorik handiena, baina, Santurtzi azken-aurren eta Orio zortzigarren geratzea izan zen. Bermeoko arraunlariek ez zuten espero horrelakorik gertatzea: «Igandekoa anekdotikoa izan zen. Ez da ohikoena. Halere, hiru, lau, bost puntu galtzea erraza da aurten. Edozein estropadatan gal edo irabaz ditzakezu bost puntu segundo gutxirengatik».

Liga «inoiz baino irekiago» ikusten du. Lehen lau sailkatuak elkarrengandik puntu gutxira egon arren, Zierbena eta Hondarribia ere sasoi onean sumatzen ditu. Aurtengo Eusko Label liga irabazteko gakoa konstantea izatea da Bou Bizkaiako arraunlariarentzat: «Liga irabazteko, garrantzitsua da estropada onak egitea, baina baita estropada txarrik ez egitea ere. Aurten, estropada txar batek puntu erabakigarriak galtzea ekar dezake».

Pandemia dela eta, ezin izan dute nahi bezalako denboraldi-aurrea osatu. Lehen estropadetan, deseroso ibili ziren: «Beste traineru batekin hasi ginen, eta neguan traineru berriarekin entrenatzeko denbora ez edukitzeak ez digu utzi ondo hasten». Ontzia aldatuta, berriz, goranzko joera hartu dute: «Traineru aldaketarekin, betiko traineruarekin, behetik gora joan gara. Eta, pixkanaka-pixkanaka, hasi gara errendimendu ona izaten».

Hasiera gorabeheratsu bat atzean utzi, eta «jarraitu beharreko bidea» aurkitu dute Bermeokoek. Ligako estropadak lehiatuak izango dira aurrerantzean ere, baina denborak aurrera egin ahala lasaitasuna nabarmenduko dela uste du: «Hemendik aurrerako joera traineru bakoitza leku batean finkatzea izango dela uste dut. Halere, sasoi onean sei traineru egonda, estropadak irekita jarraituko dute».

Arraun Lagunak, uretara

Euskotren ligan, berriz, Arraun Lagunak taldeko kide guztiek negatibo eman dute Osakidetzak agindutako PCR probetan. Atzo arratsaldean, uretara bueltatu ziren, bi asteburu lehorrean pasatu eta gero. Ostiralean, Euskadiko Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.