urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Britainiarren hautua

2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
XXI. mendeko greba indartsuena Frantzian Emmanuel Macronen aurka, itsasoaz beste aldean Donald Trumpen kontrako impeachment edo kargugabetzearekin aurrera doazela iragarri Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako buruak, eta Alemanian sozialdemokraten sektore ezkertiarrena nagusi (koalizio-gobernua apurtzeko keinua imintzio hutsean geratu da oraingoz, baina begi-bistakoa da Europako herrialde boteretsuenean ere —eta historia hurbilak pisurik handiena duenean— sistema kale egiten ari dela). Testuinguru horretan datoz etziko Erresuma Batuan hauteskundeak, beste hainbatetan legez «historiko» adjektibo higatua atzetik dutela —han «belaunaldi bateko bozak» izendatzea nahiago dute—. Baina Eskoziako erreferenduma eta brexit-arena ere halaxe ziren, eta bost urteko epean etorri dira horiek guztiak.

Barruti bakoitzeko diputatu bakarra hautatzeak zaildu egiten du hauteskundeetako proiekziorik egitea, eta boto-emaileen pentsamendu taktikoa ere hauspotzen du. Zure alderdiko hautagaiak aukerarik ez badu, brexit-aren alde ala kontra aukera handiena duena bozkatuko duzu ziur aski, zure hautuaren arabera. Laborista ala kontserbadore, alegia.

Jeremy Corbynek egin du ziur aski kanpainarik onena, mezurik argienarekin eta arrisku handienaz ohartarazten, erarik praktikoenean: toryen brexit-a ez da Europatik alde egitea, Washingtonen menpe jartzea da, osasun sistema publikoa pribatizatu eta AEBen aseguru pribatuen sistema ankerra ezartzeko. Itsasoaz beste aldetik iritsi zaizkio Corbyni babes garrantzitsuenetakoak; Alexandria Ocasio-Cortezek, esaterako, zerbitzu publikoen alde helarazitakoak.

Eta, hala ere, ustekabe erraldoirik gertatu ezean kontserbadoreak izango dira lehen indarra etzi. Ingalaterran zalantzarik gabe, eta Erresuma Batuan ere bai itxura guztien arabera. Nigel Faragek egin zuen horretarako beharrezko mugimendua, zer gerta ere. Baina brexit-aren eskuin muturraren besarkada ezkutatu gabe, horrekin ere gehiengoa lortuko ote duen, horratx gakoa. Eta ez balu lortuko, iparraldera begira jarri beharko lukete denek.

2015eko emaitzak praktikan ezin hobeak izan ziren SNPrentzat Eskozian, 59 aulkietatik 56 lortuta. Handik bi urtera atzerakada garrantzitsua jasan zuen, 35 diputatu izan dituzte azken legealdian eta Westminsterren hirugarren indar izaten jarraitu badute ere, liberal-demokraten aurretik, ezin ahaztu dozena bat diputatu kontserbadore eskoziar egoteak ahalbidetu ziola Theresa Mayri gehiengoa. Oraingo 35en eta aurreko 56en artean ibiliko da ziur aski eskoziar independentisten indarra asteartetik aurrera. 2015eko emaitzetatik geroz eta hurbilago, orduan eta nabarmenagoa izango da erreferendum berri baten beharra, Erresuma Batutik bereizteko, zein brexit-a gerarazteko. Unionismoaren batasunak ekarri zituen diputatu toryak gehitzea, ordura arte liberal-demokratekin izandako koalizioak lagunduta. Oraingo honetan, Johnsonen jarrera brexit-zale gogorrak pisu handiagoa izango du eskoziar boto-emaileengan ziur aski, independentziarekiko iritziak baino. Hau da, independentziaren aurka zegoelako kontserbadore bozkatu zuen unionista askok ez duela berriz errepikatuko Eskozia europazalean. Besterik da horrek automatikoki independentismoa hauspotuko ote duen. Baina independentziari gerta dakiokeen onena da bi muturrak horren argi nabarmentzea: kontserbadoreak ala independentistak izatea hautua, brexit-a eta nazionalismo ingelesa ala Europan jarraitzea.

Ipar Irlandara begiratzea ere komeni: Sinn Feineko diputatuak ez dira Westminsterren egongo, lehen ere esana dute eragin handiagoa dutela Irlandan bertan zein Bruselako korridoreetan. DUPeko 10 diputatu unionistek toryei eta brexit-ari emandako babes itsuak ondoriorik ekarriko ote dien da zalantza, Ipar Belfasten esaterako kanpaina oso itsusi jarri da, Sinn Feinek diputatua lor dezakeelako —bidenabar, gaelikoari buruzko legea ezarri du hauteskundeetako programan; ez dakit euskal alderdiek euskarari buruzko punturik ote daukaten Espainiako bozetan—. SDLPk aulki pare bat lortzera, baliteke aldekoak baino gehiago izatea brexit-aren aurkako diputatu iparrirlandarrak. Eta gehiengo unionista ere kolokan egongo liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.