2022KO BESTE ESPEDIZIOAK

2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ilargira egindakoaz gainera, beste espedizio garrantzitsu anitz izanen dira aurten espazioan.
Exo Mars 2022
Martera joan-etorria. Irailean, Europako Espazio Agentziak eta Errusiako Roscosmosek Rosalind Franklin robota eta Kazachok azaleko modulua bidaliko dituzte Martera. Mikrobioen bizitzari eta planetaren iragan geologikoari buruzko informazioa bildu nahi dute. Inoiz Martetik itzuli ahal izateko teknologia probatzen hasiko dira ere.
James Webb
Teleskopiotik begira. Abenduan jaurti zuten James Webb espazio teleskopioa, eta urte erdialdean jasoko dituzte lehenbiziko informazioak. Duela 13.500 milioi urte sortutako galaxien inguruko informazio berria biltzea espero dute AEBetako (NASA), Europako (ESA) eta Kanadako (CSA) espazio agentziek.
Juice
Jupiterreko azala. Jupiterren ilargi izoztuen esplorazioari egiten dio erreferentzia ESAren Juice misioak. Zazpi urteko bidaia izanen da, Jupiter eta bere hiru satelite nagusiak aztertzeko: Ganimedes, Calisto eta Europa. Ilargien azalaren azpian egon daitezkeen ur ozeanoak ikertu nahi dituzte.
'Dart'
Asteroidearen kontra. Eta Lurraren kontra asteroide arriskutsu bat zuzenduko balitz? NASAk horri aurre egiteko prest egon nahi du; urrian Dart ontzia Dimorphos ilargi asteroide txikiaren kontra talka egiten ahaleginduko da, haren orbitaren noranzkoa aldatzeko.
Tiangong
Txinako estazioa. Espazioa ere AEBekin lehiatzeko eremu bihurtu da Txinarentzat. Aurten berrogei misio egiteko asmoa du, eta Tiangong espazio estazioa aurten bukatzeko konpromisoa agertu du. Estazioa orbitan hamar urtez ariko dela aurreikusi dute, nazioarteko esperimentuak eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.