Pisuaren zama

Tiralariek asko kontrolatu behar izaten dute pisua. Entrenamendu bakoitza amaitu ostean, pisatu egin behar dute, eta etxean ere bai. Gogorra den arren, merezi duela diote.

ainara arratibel gascon
Laukiz
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Entrenatzeko modua, tiratzeko era, tiralarien elikadura eta hidratazioa.... Gauza asko aldatu dira Goirigolzarri, Mardaras, Ansoleaga eta Egurrola sokatiran hasi zirenetik, eta bai haiek eta bai klubak horretara egokitu behar izan dute. Aldatu ez dena pisuarekiko morrontza da. Izan ere, sokatiran, pisuaren arabera egiten da mailaketa. Hori da gogorrena tiralariek aitortu dutenez, baina berehala erantsi dute ahaleginak merezi duela.

Goirigolzarrik azaldu du prestakuntza fisikoa lehen baino gehiago lantzen dela. Berehala atera da, ordea, elikaduraren gaia. Hala azaldu du Ansoleagak: «Gehiago zaintzen da jaten dena, pisua modu egokian galtzeko eta indarraez galtzeko. Bitaminak hartzen dituzten tiralariak ere badira: adibidez, magnesioa». Taldean ez dute dietistarik edo medikurik, zer jan behar duten esateko: «Baina baditugu halako gaietan adituak diren pertsonak, eta, haien laguntzaz, jarraibide batzuk dauzkagu ezarrita». Ogia, txokolatea eta halako beste jaki batzuk, adibidez, saihestu egin behar dituzte. Pasta eta entsaladak dira haien dietaren oinarria: «Txapelketak gerturatu ahala, dieta zorrotzagoa da. Nik, adibidez, afari edo bazkariren bat badut, ez joateko ohitura dut. Kosta egiten zait gutiziak ez jatea», aitortu du Ansoleagak.

Zortzi tiralarien artean, ezin dute gainditu lehiatuko diren mailaren pisua. Horregatik, etengabe kontrolatu behar dute. «Lan saio bakoitzaren ostean pisatzen gara, eta etxean ere oso maiz; pisua zoratu arte», adierazi du Egurrolak, umore pixka bat jarrita. «Gogorra» dela aitortu dute laurek.«Batzuetan, pentsatzen duzu ez duela merezi hainbesteko ahalegina egitea. Baina gustatu egiten zaigu», baieztatu du Ansoleagak. Zenbat eta pisu txikiagoan lehiatu, gainera, kontrola zorrotzagoa da. «Pentsa, 540 kiloko mailan lehiatzen direnek batez beste 60 kilo pisatu behar dute», azaldu du Mardaresek. Onartu dute «obsesio puntu bat» dagoela horrekin. «Ez bakarrik zure pisuarekin, baita taldearenarekin oro har. Izan ere, taldekide batek pisua hartzen badu, edo ez badu behar beste galtzen, besteok galdu behar dugu». Talde lana dela gogorarazi dute: «Eztabaidak egoten dira. Baina elkarlana eta batasuna sustatzeko ere balio du», uste du Egurrolak. Ansoleagak argi du: «Sokatirak norberaren alde onak eta txarrak ateratzen ditu; goseak hori ekartzen du». Hidratazioa ere zaintzen dute. Hor ere aldaketa bat izan dela nabarmendu du Goirigolzarrik: «Lehen, adibidez, esaten ziguten ez edateko. Hori aldatu egin da. Etengabe gaude hidratatzen, eta eskertzen da».

Tiratzeko modua ere ez da lehengoa. Horri buruzko argibideak eman ditu Mardarasek. «Garai batean, tiralari garaienak atzean jartzen ziren; orain, aldiz, aurrean. Taldea orekatuago eta batuago dago». Garapen hori kontuan hartuta, etengabe egon behar du adi: «Interneten joerak zeintzuk diren ikusten dut».

Iraupena eta indarra

Entrenamenduak «gogorrak» direla onartu du Egurrolak. «Baina egia da tiraka hasten zarenean kezka guztiak albo batean uzten dituzula». Astean lauzpabost saio egiten dituzte. Neguan, batez ere goman aritzen dira, eta udan, lur gainean. Entrenamenduek bi ordu edo bi ordu eta erdi irauten dute, eta sokaren inguruan egiten dituzte. «Sokaren inguruan egiten ditugu batez ere. Fisikoa bakoitzak bere kabuz lantzen du», azaldu du Mardarasek.

Bi motatakoak izaten dira lan saioak: polearekin, pisu jakin bat altxatuz, edo aurrez aurre tira eginda. Desberdina da, gainera, potentzia edo iraupena: «Potentzia lantzeko, pisu handiarekin serie txikiak lantzen ditugu, eta iraupena lantzeko, alderantziz: pisu txikiagoarekin serie luzeak». Berritzen jarraitzeaeta garai berrietara egokitzea dute asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.