KRITIKA. Musika

Musika denontzat

2015eko martxoaren 10a
00:00
Entzun

Musika-Música jaialdia

Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Egunak: Martxoak 6, 7 eta 8.

Beste behin ere arrakastatsu suertatu da Musika-Música jaialdi popularra, kasu honetan Barrokoko alemaniar konpositore handiei dedikatua. Ia 34.000 lagun bildu dira, 800 musikari eta kantari profesionalek 75 kontzertutan eskainitako errepertorio zabala entzutera. Horri gaineratu behar zaio 21 kontserbatoriotako 400 ikaslek beren onena eman dutela beren toki propioan, kioskoan. Balantze labur honetan aipatu behar dira hiru gauza: profesional guztien kalitatea, haien sorterrien dibertsitatea eta Euskal Herriko profesionalen parte-hartze eta maila handia: gure bi orkestra sinfonikoetatik hasita talde txiki eta bakarlarietaraino.

Guk, aurton, aleman talde bik Barrokoko jotze motari egin dioten hurbilketa komentatuko dugu. Christoph Spering zuzendari eta musikologoak eskarmentu handia du arestian aipatu dugun ikerkuntzan. Johann Sebastian Bachen San Juanen araberako nekaldia-ri eman dion airea bikaina izan da Das Neue Orchester eta ChorusMusicus Koln-en aurrean zuzendari. Hau da, bertsio espirituzkoa, ia erlijiosoa, baina gutxitan entzuten diren sonoritatearekin eta dramatismoarekin. Goian aipatutako musikariak birtuosoak dira garaian-garaiko instrumentuak jotzen, eta abeslariak, berriz, oso ondo trebatuak daude Barrokoko estiloan. Nabarmendu behar dugu Lothar Odiniusek haizeratu zuen tinbre eta bolumen ona, baritonoaren lan nekosoan, narratzailearen rolean. Historizista ildotik, Akademie Für Alte Music Berlin ganbera taldeak Bachen suite bi eta klabezineentzako hiru kontzertu oparitu zizkigun, Georg Kallweit zuzendari eta kontzertino jotzaile zela. Taldea ondo orekatua dago, disfrutatu egiten du musika egiten. Kontraste harrigarria lortu zuten dantzetan, propio diren azentuak eta tinbre eta dinamika desberdinak. Baita ere erritmo mekanikoari eginiko geldialdiak eta abiatzeak Affettiren arabera. Klabezinentzako kontzertuetan, ordea, bolumen arazoak sumatu genituen. Ez ziren ondo entzuten, nahastu egiten ziren notak. eta lainotu tinbrea. Akaso akustikaren erruz; akaso taldeko laguntzaileak larregi zirelako; edo bi arrazoiengatik. Dena den, klabezin jotzaileak publikoaren gustukoak izan zirelako ez zuen inork zalantzan jarri, eta txalo zaparradak jaso zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.