Hidrogenoaren euskal harana

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Hidrogenoaren inguruko apustuan, pisu handia izan dezake herrialde bakoitzaren errealitateak, hasi haien klimatik edota iturri berriztagarrientzako daukaten tokitik, haien sare industrialaren eta ekonomikoaren testuingurura. Eta hor zeresan handia izan dezakete Euskal Herriaren kokapenak eta sare ekonomikoak.

Bloomberg NEFko Michael Liebreich azaldu duenez, izango duen erabilerarengatik, «hidrogenoaren ekonomiaren benetako etorkizuna hub delakoetan egongo da». Batzuek hydrogen hub deitzen diete, hydrogen cluster, valley eta corridor. «Industria astunak, kimikoen eta ongarrien ekoizpenak, findegiek eta altzairutegiek bat egiten duten eremuak dira. Hemen ikusiko ditugu, halaber, karbono harrapaketa eta biltegiratzeko zerbitzu horren hornitzaileak lan egiten, aurre egiten zementuaren industriatik eta agian hidrogeno urdina ekoiztean sortzen diren emisio prozesuei (....). HyNet eta H2H Saltend, eta San Pedro Bay Ports, AEBetan; H-Vision Rotterdam eta NortH2, Herbehereetan; H2Cluster, Norvegian; Fukushima, Japonian; Ulsan, Hego Korean; Hauts de France, Frantzian; Pilbara, Mendebaldeko Australian; Hebei, Hunan eta Shandong, Txinan; eta antzekoak izango dira munduan».

Eta Euskal Herrian ere bai? Hidrogenoaren haran bat izango da? «Hori nahi dugu, ezta?», galdetu du Fernando Espiga Tecnaliako Trantsizio Energetikorako arduradunak. «Hidrogenoak boom handia izango du, erabilera jakin batzuetarako soilik izanda ere. Eta Euskadin gure balio kate txikia osatzea nahi genuke, Europako balio kate handi horren tarte batzuetan parte hartzea izatea. Itxura guztien arabera, hidrogenoaren balio kate horren abiaburuan hidrogeno kontsumo handiko guneak egongo dira. Hidrogeno haranen ideia da kokapen jakinetan kontzentratzea hidrogenoaren produkzio, biltegiratze, banaketa eta kontsumoko masa kritikoak, balio kate hori eraikitzen joateko».

Bat dator Elias Unzueta Energia Klusterreko Hidrogenoaren sektore foroko koordinatzailea ere: «Hidrogenoarekin arrautzaren eta oiloaren dilema hori dago, ezta? Zer egin behar da lehenago, hidrogeno berdea sortu edo harentzako merkatua sortu?Hori taxutzeko erregio mailan balio kate osoan eman ditzakegu aurrerapausoak, guztiak koordinatuta. Hor dago portua, sarrera eta irteera eskainiz, baina hor dago gasbide sarea ere, eta deskarbonizatu beharra daukan industria ahaltsua, eta, horrez gainera, dauzkagu Frantzia eta Espainia lotzen duten komunikabideak...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.