Zesar Martinez eta Olatz Iglesias. Orain Presoak dinamikako kideak

«Presoen gaia desblokeatu da, baina itxaropenak ez dira bete»

Iglesiasek eta Martinezek uste dute apurka-apurka ari direla lortzen euskal gizartean presoen auziaren inguruko adostasuna zabaltzea eta sektore berrietara iristea; larunbatean beste urrats bat egitea dute xede.

MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2019ko urtarrilak 10

Hilabete gutxi igaro dira joan den ekainean esparru eta pentsamolde ugaritako hainbat herritarrek Orain Presoak dinamika aurkeztu zutenetik, baina denbora labur horretan ibilbide emankorra egin dute. Olatz Iglesias eta Zesar Martinez dinamikako kideek azaldu dutenez, gauza batzuk aldatzen hasi dira denbora tarte labur horretan, oraindik egiteke dutena asko den arren. Hurrengo ekinaldia izango da datorren larunbatean Bilbon eta Baionan egingo duten mobilizazio bikoitza.

Zertan aldatu da egoera joan den ekainetik hona?

OLATZ IGLESIAS: Dinamika aurkeztu genuenetik, lorpenik garrantzitsuenetako bat izan da Hego Euskal Herrian presoen egoera desblokeatu dela nolabait; tapoia kendu dugu. PPren gobernuak zuen jarrera zurrun hori aldatu da, baina, hala ere, [Espainiako gobernuburu] Pedro Sanchezen adierazpenek sortutako itxaropen horiek ez dira bete. Gure ilusio eta esperantzekin jokatu dute, baina ez dute hitza bete.

ZESAR MARTINEZ: Arlo sozialean, Orain Presoak dinamikak aldarrikapen eta mobilizazio dinamika bat piztu nahi zuen, eta jauzi kualitatiboa egin: aniztasun handiago lortu, eta orain arte presoen aldarrikapena iritsi ez den sektoreetara iritsi. Bide horretan erreferentzia nagusia urriaren 20ko manifestazioa zen, eta alde horretatik balorazioa positiboa da, eragile batzuek egin gabe zituzten urratsak egin zituztelako. Ildo horri eutsi eta indartu nahi genuen urtarrileko manifestazioari begira, eta ikusi dugu sindikatu guztiek, salbuespenik gabe, bat egin dutela manifestazioarekin, beste eragile batzuek ere bai, haien oinarriei hara joateko deia egin dietela eta abar. Berretsi da guk sumatzen genuena: herritarren gehiengo zabal batek borondate ona duela, ikusten duela sakabanatze politikak sufrimendua dakarrela eta sufrimendu horrek bizikidetza oztopatzen duela.

Zer da hain jatorri eta pentsamolde anitzetako lagunak batzen zaituztena?

ZESAR MARTINEZ: Lau aldarrikapen nagusi egiten ditugu: urruntze politika bukatu, gradu progresioa, gaixorik dauden presoen auzia eta zigor zenbaketa, baina, batez ere, batzen gaituena da aldarrikapen horiek legezkoak direla, ez direla espetxe onurak edo pribilegioak, eta ez dutela inolako lege aldaketarik eskatzen: borondate kontua baino ez da. Gurekin bat egiten duen jendeak pentsatzen du ez dela ulergarria legezkoak diren eta lege aldaketarik ez dakarten zentzuzko eskakizun horiei muzin egitea.

OLATZ IGLESIAS: Jatorri, ibilbide eta esperientzia desberdinak ditugu, baina giza eskubideekiko errespetuak batzen gaitu. Esanguratsua da ikustea nola azken bolada honetan ETAren biktima asko ere ari diren presoak hurbiltzearen aldeko iritzia ematen.

Presoen urruntzeari dagokionez, nola ikusten dituzue Espainiako Gobernuak orain arte egindako mugimenduak?

ZESAR MARTINEZ: Gai hori hainbeste urtez guztiz blokeaturik egon eta gero, zerbait mugitzen hasten dela eta gobernu berriak beste borondate bat adierazten duela ikustea positibotzat jo genuen, eta positibotzat jotzen dugu orain, baina hasieratik esan genuen zuhurtziaz hartu behar zela, esandakoa esateaz gain egin ere egin behar delako. Eta ikusten dugu hori ez dela hasten: hamasei hurbiltze iragarri zituzten, horietatik 11 baino ez dira gauzatu, eta ez beti Euskal Herriko kartzeletara —guztiz egingarria dena, bestalde—. Esaten denaren eta egiten denaren artean alde handia dago. Eta badirudi Espainiako Gobernua kezkatuago dagoela gai honetan beste batzuek egin ahal dioten presioaz. Frustrazio pixka batekin ikusten dugu hori.

OLATZ IGLESIAS: [Espainiako Gobernuaren ordezkari] Jesus Lozak ere inoiz esan du presoak hurbiltzeaz ari garenean ez garela inongo pribilegioz ari, legea betetzeaz baizik. Askotan galdetzen digute zergatik diogun «orain presoak». Eta arrazoi zerrenda luzea dugu. Baina oraindik ez dut entzun kontrakoa argudiatzeko arrazoi bakar bat ere, gorrotoan edo mendekuan oinarritutakorik ez bada. Ez dut arrazoi bakar bat entzun urruntzea justifikatzeko, edo gaixo daudenak kartzelan atxiki behar direla azaltzeko.

ZESAR MARTINEZ: Zoritxarrez, ez dugu ikusten PSOEren gobernua gai denik garaile/galtzaile eskema gainditzeko. Eta eskema horrekin denok galtzen dugu, eta inork ez du ezer irabazten. Etsipenez ikusten dugu batzuek mendeku, garaipen eta umiliazio gakoetan funtzionatzen dutela oraindik, euskal gizartea beste fase batean dagoenean.

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen kasuan ere badirudi berrikuntzak egongo direla. Espainiako Gobernuak protokolo berri bat iragarri du.

ZESAR MARTINEZ: Bai, eta hori ere ontzat jotzen dugu. Baina berriro ere zuhurtzia nabarmendu behar dugu, oraindik ikusteko dagoelako zer egiten duten eta horrek balioko ote duen preso horiek behar bezala artatzeko.

OLATZ IGLESIAS: Espainiako Gobernuak lehenbailehen gauzatu beharko lituzke bere erabakiak eta planak, sinesgarritasuna are gehiago galdu nahi ez badu.

Badakizue euskal gizartean gai honen inguruan adostasun zabala dagoela, baina, aldi berean, Espainian ere badagoela alderdi, elkarte eta hedabide batzuen aldetik erabaki irmoa kontrako norabidean presioa egiteko. Nola egin dakioke aurre horri?

ZESAR MARTINEZ: Badakigu zein den [Espainiako] Estatu mailan marko ideologiko, etiko eta mediatikoa, eta horrek nola baldintza dezakeen dena. Hori da dugun errealitatea; nahiago genuke beste bat balitz, baina hori da dagoena. Hala ere, nik uste dut herritar gehienak bihotz oneko pertsonak direla. 2017an, sakabanaketak eragindako zazpi auto istripu izan ziren; haietako batzuetan umeak tartean zirela. 2019ko egun gutxi batzuk daramatzagu, eta jada izan dugu lehen istripua. Ez dut uste jende arruntak hori zerbait desiragarri moduan ikusten duenik.

Eskubideak lehenesteko garaia

"Biktimek ez dute erabakitzerik non atxiki presoak"

Salbuespenetik bizikidetzara

"Madrilek ez ditu kontuan hartzen osasun irizpideak"

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna