Prostituzioa ezeztatzeko neurriak eskatu ditu EHFAK-k

Taldeak «desberdintasun estrukturalen» adierazpentzat jo du prostituzioa. Emakume Abertzaleen Batzarra omenduko du EAJk

Iosu Alberdi.
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
EHFAK Euskal Herriko Feminista Abolizionisten Koordinakundeak ezinbestekotzat jo ditu prostituzio sareetan murgilduta dauden emakumeen babesa bermatzeko neurriak, eta prostituzio sistema ezeztatuko duten legeak eskatu dizkie Espainiako eta Hego Euskal Herriko erakundeei. Taldeak azaldu du prostituzioa eta pornografia «emakumeen eta gizonen arteko diskriminazioaren eta desberdintasun estrukturalaren» adierazpenak direla.

Plataformak Espainiako Gobernuari exijitu dio onartzeko prostituzio sistema bertan behera utziko duen legedi berri bat. Nafarroako erakundeei, berriz, eskatu diete indarrean jartzeko emakumeen aurkako indarkeriaren aurka ekiteko legediak ezarritako neurri guztiak. Era berean, Bilboko Udalaren jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren legea indargabetzeko eskaera egin dute, prostituzioa «ikuskizun bat gehiago» izango balitz bezala tratatzen duelakoan.

Ehun urteko irrintzia

Martxoaren 8ra begira prestatutako dinamika bat aurkeztu du EAJk. Gure irrintziak darrai lelopean, Emakume Abertzaleen Batzarreko kideei aitortza egin diete, Euzkadi Buru Batzarreko Berdintasun Arloko burukide Nerea Melgosaren esanetan. Aurten ehun urte beteko dira erakunde hura eratu zenetik, baina, Melgosaren hitzetan, haien «ahotsak entzuten» segitzen dute: «Emakumeek osatutako talde hark bateratu zituen euskal emakumeek gizartean parte hartzeko zituzten gogoak». Era berean, «benetako berdintasunera iristeko» beharra ere nabarmendu du Melgosak, eta ostegunean Eusko Legebiltzarrean onartutako Berdintasun Legearen erreforma defendatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.