Duela 130.000 urteko amerikarrak

Sinesgogor hartu dute askok asteon 'Nature' aldizkarian atera den ikerlan bat. Izan ere, esan dute orain 130.000 urteko giza jardueraren aztarnak aurkitu dituztela Ameriketan, Kalifornian: 100.000 urte aurreratu dute gizakiaren presentzia.

Duela 130.000 urteko amerikarrak.
Juanma Gallego.
2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Arkeologoek egiten duten lana, funtsean, CSI bezalako telesailetan detektibeek egiten dutenaren antzekoa da. Biek ala biek, zantzuen azterketan abiatuta, krimenaren agertokian gertatu zena asmatu behar dute. Kaliforniako (AEB) aztarnategi batean arkeologoek aztertu berri duten eremu batean krimena nahiko argi azaltzen da. Mastodonte baten arrastoak ageri dira, eta inguruan objektuen bitartez mastodonte hori akabatu edo, behintzat, haren hezurrak baliatu zituzten zantzuak ere bai.Arazo bakarra dago, baina ez nolanahikoa: hori gertatzea ezinezkoa da. Krimena izan zen garaian gizakirik ez zegoelako han.

Edo agian bai. Ipar Amerikan duela 130.000 urteko giza jardueraren arrastoak topatu dituztela esan dute Ameriketako Estatu Batuetako hainbat ikertzailek aste honetako Nature aldizkarian. Hautsak harrotzeko moduko baieztapena izan da. Izan ere, arkeologiaren munduan eta, bereziki, paleoantropologiaren alorrean, aspaldi ez da proposatu hain datazio aldaketa handirik. Orain arte zientzialari gehienak bat datoz: gizaki modernoa duela 15.000 urte inguru heldu zen Ameriketara. Data horren bueltan datatuta dagoen Clovis kultura oso ondo ezagutzen da; horiek hartzen dira lehen amerikartzat. Beste zenbait ikerketatan 30.000 urteko datazioak proposatu izan dira, batez ere Hego Amerikako aztarnategietan, baina aldarrikapen horiek ez dute lortu zientzialari gehienen babesa. Asteon proposatutakoak, beraz, 115.000-100.000 urte aurreratuko luke gizakiaren presentzia kontinentean.

San Diegoko (Kalifornia, AEB) aztarnategi batean topatutako mastodonteen arrastoak ikertzen ondorioztatu dute, hain zuzen, horietan gizakiek hezurretan sortutako markak daudela. Ikertzaileek proposatu dutenez, orain arte ezagutzen ez den giza espezie bat da horien egilea. Inguruetan zeuden hainbat harri, berriz, mailu eta ingudeak direla esan dute. 1990eko hamarkadan egin ziren lehen indusketak Cerutti Mastodon izeneko aztarnategian, baina orain egin dute berriro aztarnategiaren berraztertze zabala. Uranioaren datazio sistema erabili dute aztarna horiek zein urtetakoak ziren jakin ahal izateko.

Aurkikuntzaren defentsa

Nature aldizkarian argitaratutako artikuluaz gain, azalpenak eman dituzte kazetarien aurrean ikertzaileek, eta aurkikuntzaren aurrean sinesgogor direnei erantzun diete. Steven Holen antropologoak heldu dio zezenari: «Hain antzinako aztarnategia izanda, eszeptizismoa espero genuen. Are gehiago, ni neu ere eszeptikoa nintzen lehen aldiz materiala ikusi nuenean. Baina gure artikuluan zehazten den testuinguru geologikoa eta hezurretan azaltzen diren hausturak ikusten badira, ebidentzia nahikoa ematen dute». Haren kide Richard Fullagar, bestalde, are irmoago azaldu da. Ebidentzia «ukaezina» dela berretsi du. Hori bai, onartu du ez dakitela zein espezietakoak ziren hezurretan azaldutako markak egin zituzten gizakiak. «Ez dakigu, giza arrastorik topatu ez dugulako». Hala ere, Siberiatik hara heldutako neandertalak izan zitezkeela esan du. «Baina gizaki modernoak ere izan zitezkeen».

Gizakiak Ameriketara heltzeko erabili zituen ibilbideei dagokienez, orain arte presentzia azaltzeko gehien erabili izan den ibilbidea aipatu dute: Beringia. Asia eta Ipar Amerika Siberiaren bidez lotzen dituen pasabidea batzuetan itsaspean egon da —gaur egun, halaxe dago—, baina beste hainbatetan izotzezko edo lurrezko zubi bat egon da han. Halaber, adituek ez dute baztertu itsasoz egindako bidaia baten aukera. «Baliteke gizaki horiek Asiako kostaldea jarraitu izana eta Beringia zeharkatuz Kaliforniako kostaldera ailegatzea», proposatu du Holenek. James B. Paces geologoa arduratu da datazioaz, uranioaren teknika erabilita. Zientzialariek ondo dakite uranioa denboran zehar aldatzen dela, eta aldaketa hori neurtzen duten serie asko darabiltzate esku artean. Emandako datak zehatzak direla adierazi du. «Material horiendatazioa babesteko behar adina froga trinko dauzkagu. Bateragarria da datazio bide askorekin eta baita San Diegoko testuinguru geologikoarekin ere», argitu du.

Non sartu dira, baina, hain zaharrak diren gizaki horiek? Espero dute topatzea? Ezezkoan da Holen. «Ipar Amerikan, oso arraroak dira giza aztarnak», onartu du. «Populazioen dentsitatea oso txikia zen; gizaki horien arrastoak aurkitzeko aukera,tamalez, oso txikia da. Gizakiok, animalien antzera, eremu geografiko zehatzetan iraungi gaitezke».

Zalantzak hizpide hartuta

Albistea zabaldu eta gutxira, mundu osoko adituek ikerketaren emaitzak kolokan jarri dituzte, hedabideetan eta sare sozialen bitartez. BERRIAk Joseba Rios Garaizar Cenieh Espainiako Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko ikertzailearengana jo du iritzi bila. Argi mintzo da paleoantropologoa. «Ikerketa oso deigarria da, eta, hor adierazten dena egia balitz, dudarik gabe, izugarrizko aldaketa ekarriko luke. Baina horrelako baieztapen bat aurkezteko, derrigorrez, froga guztiak oso ondo aurkeztu behar dira». Artikuluan datu asko falta direla azaldu du. «Aztarnategiaren inguruko zehaztasunak ez daude batere ondo aurkeztuta. Testuinguru geologiko eta estratigrafikoa falta dira. Testuan hori pixka bat azaltzen da, baina ez da oso argi geratzen. Adibidez, ez dago zutabe estratigrafikorik, ezta analisi geomorfologikorik ere, eta horrela zaila da jakitea aztarnategia nola sortu zen».

Baina, bereziki, balizko tresna litikoen kontua iruditu zaio deigarria. «Ez da batere erabakigarria. Arrokak ez daude eraldatuta, eta haietan azaltzen diren markek jatorri geologikoa izan dezakete. Egileek argudiatzen dute arroka horiek gizakiek erabilitakoak direla, testuinguru hidrogeologikoarekin bateragarri ez direla esaten dute. Geologiaren kontua ez dago ondo azalduta, eta nik ez dut informazio nahikorik jakiteko ondo dagoen ala ez. Baina beste bide batzuk bururatzen zaizkit arroka horiek aztarnategi horretara nola hel zitezkeen azaltzeko». Harago joan da: «Arroka horiek nire aztarnategi batean aurkituko banitu, duda artean jarriko nuke horiek erabiliak izan ziren». Bestalde, testuinguruaren arazoa du hizpide: «Aztarnategi hori bakanduta egongo litzateke Amerika osoan, eta hori oso arraroa da». Garai hartan Beringian zegoen klima oso hotza zela esan du, eta garai epelagoetan urpean zegoela. «Horrek esan nahi du edo klima hotzean pasatu zirela edo klima onean egin zutela, baina itsasontziz. Hori ere nahikoa arraroa da». Ez da, ordea, arazo bakarra. «Demagun Ameriketara igarotzea lortu zutela, hori posible da eta. Baina han izan baziren, bestelako tresnak ere agertu beharko lirateke: suharriak, laskak eta halakoak, baina horiek ez daude».

Gaiak «izugarrizko liskarrak»sorraraziko dituela uste du. Ez du txartzat. «Akuilu izan liteke aztarnategi berriak bilatzeko». Izan ere, oso kritiko azaldu arren, ate bat irekita utzi du. «Egia da aurkikuntza handienak horrela egiten direla, inork espero ez duen aztarnategi bat azaltzen denean. Baina nik, halere, froga sendoagoak eskatuko nituzke». Zientzian sarri erabiltzen den irizpidea oroitarazi du. «Gauza handiak defendatzeko froga handiak behar dituzu; hemen ez dago halakorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.