Niko Iurramendi.
ARRANPLATIK

Zaleen burrunba

2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Kontxako estropadetan irteerako seinalea jaso bezain pronto ikusleen eta jarraitzaileen laguntzak, animoek eta garrasiek indar handia hartzen dute. Iskinetako kaleren bat tokatuz gero, bertatik bertara sentitzen dira deiadarrak, eta zein traineru animatzen ari diren jakiteko premiarik gabe, arraunlariok asko eskertzen ditugu zalapartok.

Lehen minutu eta erdian gertu-gertuko itsasontzi eta kanoetakoen hotsak entzuteko gai izaten gara. Baina Aquariumaren eta irlaren artetik pasatzean patroiaren aginduak isiltzerainoko zalaparta entzun ohi da. Bertara gerturatu ahala fondoan entzuten den burrunba handitu egiten da. Zalaparta horrenmomenturik gorenak bi minutu eta erdi inguruko jarduna egina dugula esaten digu, eta behin barra pasata, pixkanaka urrundu eta ahuldu egiten da hotsa.

Itsaso zabalerantz sei zazpi minutuan aritzen gara ziaboga eman arte, eta beste horrenbeste poparean. Pixkanaka, berriz ere, burrunba hotsa belarrietan sartzen hasten da. Joatean baino are gehiago eskertzen da une horietan. Ordurako estropadaren nondik norakoak argi egonda ere, bestelako estropadetan egin ohi ez ditugun amaierako esprintak egiten ditugu talde guztiek. Inoiz baino garaizago, inoiz baino sarriago.

Orokorrean zaleen garrasiek estropada bukatzear dela adierazten digute. Kontxakoan ere oihuek amaiera usaina izaten dute. Eta han hasten da gure joaldia. Patroiak gutxi falta dela sinetsarazi nahi digunetan bezala. Baina uste eta nahi baino urrutiago egoten da helmuga.

Badira dagoeneko bi sasoi zaleen iskanbila handi hori txikiagotu zenetik. Patroiei lana zailduko zitzaien, eta gu ere zain gaude zaleek berriz noiz engainatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.