Emakume bat eta haren semea hil dira Zaldibian, gas isuri baten ondorioz

Haurrak hamazazpi hilabete zituen, eta amak, 25 urte. Aita ospitaleratu dute, baina egonkor dago. Zaldibiako Udalak hiru dolu egun ezarri ditu

Hileta zerbitzuak hildakoen gorpuak etxetik ateratzen, atzo. JUAN HERRERO/ EFE.
Erredakzioa
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Gas isuri bat izan zen atzo goizean Zaldibiako (Gipuzkoa) etxebizitza batean, eta bi pertsona hil ziren. Ama-semeak ziren hildakoak, eta beste pertsona bat, aita, Zumarragako ospitalera eraman zuten, karbono monoxidoa arnasteagatik; larri dago, baina egonkor. Haurrak hamazazpi hilabete zituen, eta emakumeak 25 urte. Argentinakoak ziren, eta bost urte zeramatzaten Zaldibian bizitzen.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, ezbeharra 06:30 inguruan gertatu zen Santa Fe kaleko 58. zenbakiko etxebizitza batean, beheko solairuan. Aitak berak deitu zuen larrialdi zerbitzuetara, esanez gaizki sentitzen zela eta bere emazteak eta semeak ez zutela erantzuten; beste gela batean zeuden haiek. Hara bertaratu ziren Ertzaintza, suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuak, eta konorterik gabe topatu zituzten hiru biktimak. Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, emakumea eta umea suspertzen saiatu ziren larrialdi zerbitzuak, baina alferrik izan zen.

Estitxu Mujika Zaldibiako alkateak Euskadi Irratiari adierazi zionez, familiak arazoak zituen galdararekin, eta horrek eragin zuen, ustez, ezbeharra. Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu du gertatutakoa argitzeko.

Ezbeharrak samina eragin du Zaldibian. Hainbat herritarrek loreak utzi zituzten, atzo, haurra ibiltzen zen haur eskolan. Udalak, bere aldetik, ohar baten bidez elkartasuna eta samina agertu zion familiari. Horrez gain, udalak hiru dolu egun ezarri ditu herrian, eta ikurrina haga erdian jarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.