Jon Lopategi hil da. Xabier Amuriza. Bertsolaria

«Lopategi fenomeno berri bat izan zen bertsolaritzan»

Gertutik ezagutu zuen Xabier Amurizak Jon Lopategi. Lehendabizi, haren jarraitzailea izan zen, eta, gero, askotan konpartitu zuten oholtza. Bertsolaritzak emandako figurarik «handienetako bat» izan dela uste du.
Xabier Amuriza eta Jon Lopategi, elkarrekin.
Xabier Amuriza eta Jon Lopategi, elkarrekin. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Ane Eslava -

2019ko otsailak 9
Jon Lopategirekin plaza asko konpartitutakoa da Xabier Amuriza bertsolaria (Etxano, Bizkaia, 1941). Bertsotan hasi baino lehenagotik ere haren jarraitzaile zen, eta, 1976an debutatu zuenetik geroztik, harengandik gertu ibili zen; harekin ikasten. Biek ala biek, gainera, lan garrantzitsua egin zuten bertso eskolen sorreran. Lopategik bertsolaritzari berritasuna ekarri ziola nabarmendu du Amurizak, eta arrastoa utziko duela ziurtatu. «Bertsozale guztientzat izen berezi bat da Jon Lopategirena».

Lagun handi bat izan da Jon Lopategi?

Bai. Nire bertsolari bizitza guztian izan dut Lopategi ondoan, eta lehenagotik ere haren miresle eta jarraitzaile nintzen. Gogoan dut nola apaiz egin nintzenean, nire meza-berri egunean —egun handia herrian—, ekarri nituela bertsotarako Lopategi, Jon Azpillaga, eta Abel Muniategi. Gero, nik 1976an debutatu nuen, eta haren inguruan hazi nintzen; beti harengandik gertu ibili nintzen, eta elkarrengandik ikasten; konpartitzen.

Zer nabarmenduko zenuke haren ibilbidetik?

Lopategi izan da bertsolaritzak eman duen figurarik handienetako bat. Argia eta kultua zen, ez zen bertsolari eskolagabe bat, eta fenomeno berri bat izan zen bertsolaritzan. Ekarri zuen bertsotan egiteko tankera berri bat, eduki politiko, sozial eta kultural handikoa. Gainera, oso bertsolari oportunoa zen; hau da, hark bazuen dohain bat, edozein gaitan, edozein unetan, ateraldi oportuno bat izateko eta jendearengana iristeko. Eta, Azpillagarekin batera, masak erakartzen zituen Euskal Herri osoan.

Hain zuzen, frankismo garaian lan garrantzitsua egin zuen Azpillagarekin.

Oso garrantzitsua. Saioetara joaten ziren nonahi, eta bazekiten gazteria nola bildu. Ausartu egin ziren, eta ez bakarrik ausartu: edukia zeukaten. Jendeak nahi zuen zerbait entzun, eta zerbait baino gehiago ere kantatzen zuten haiek.

Plazara ateratzen zituzten beste batzuk ateratzera ausartzen ez ziren gaiak?

Bai, zerbaitengatik zen hura fenomeno masiboa. Frankismo amaieran pizkunde bat hasi zen, olatu handi bat zetorren, eta haiek hartu zuten bertsolaritza, eta olatuaren gailurrean jarri ziren. Forma ematen zioten orduko gose eta egarriari, eta jendeak izugarri estimatzen zuen. Fenomeno berezia eta eroa izan zen.

Kantaera ere berezia zuen.

Oso berezia. Halako tonu inprezisoa zuen: ez zuen desafinatzen, baina kantaera imitaezin bat zeukan. Transmititzen zuen zerbait berezia; karisma izugarria zuen.

Bertsolariak eta bertsozaleak sortzeko lanean ere aitzindari izan zen, ezta?

Aitzindari izan zen, eta ez hori bakarrik, baita asmatzaile ere. Hor ere oso argia eta zehatza zen; ez zuen hutsik egiten. Eta bazuen modu berezi bat gauzak esateko, azaltzeko eta konbentzitzeko. Umeak eta ume ez zirenak gustura ibiltzen ziren harekin.

Nola hartu duzu haren heriotza?

Figura handi bat izan da, eta halako figurak uztea ez da erraza. Jon Lopategirena izen berezia da bertsozale guztiontzat. Orain, zoritxarrez, hil egin da, baina bere zikloa ongi bete du, bertsolari, irakasle eta sustatzaile moduan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna