Hermanos Caballer etxeak irabazi du su festetako Urrezko Maskorra, bigarrenez

First Class su etxeak lortu ditu zilarrezko saria eta hasiera onenarena; Parentek, berriz, brontzezko maskorra eta epaimahai gaztearen saria
Ostiralean aritu zen Hermanos Caballer su etxea.
Ostiralean aritu zen Hermanos Caballer su etxea. J. C. RUIZ / FOKU

Izaro Zinkunegi Barandiaran -

2018ko abuztuak 19
Bigarren urtez jarraian irabazi du Hermanos Caballer su etxeak Donostiako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa. Herenegun aritu zen Castelloko (Valentzia, Herrialde Katalanak) piroteknia etxea, jaietako su festen lehiaketako azken egunean. Jose Vicente Caballerrek pozik jaso zuen atzo 55. lehiaketako Urrezko Maskorra: «Iaz irabaziagatik, borrokatzera etorri gara».

«Behin irabazita, zaila da hurrengo urtean ere gauza berriak ekartzea eta publikoa harritzea», aitortu du irabazleak, eta horretan saiatu direla azaldu du. Berrikuntzarako, besteak beste, aurten, lehenengo aldiz, Kontxako badian jarritako plataforma erabili zuten katalanek: ikuskizunaren hasieran erabili dute su etxe guztiek; irabazleek, ostera, gero ere bota zituzten handik suak.

Aurtengo sariarekin, Urrezko Maskorra behin baino gehiagotan irabazitako piroteknia etxeen zerrendan sartu da su etxea, eta harro azaldu da Caballer. Ez daude gogobeteta, ordea, datorren urtean ere garaikurragatik borrokatzera etorriko direla hitzeman baitu.

Alfonso Gurpegi Donostiako Udaleko jaietako zinegotziak lehiaketan parte hartutako su etxeen lana azpimarratu du: «Donostiako lehiaketa erakusleiho ona da». Maila handia egon dela nabarmendu du, eta, epaia erraza izan ez bada ere, Caballer anaien su etxea saritzea erabaki dute: «Osatutako emanaldi ikusgarria eta erabilitako efektu originalak hartu ditugu kontuan».

Agur piromusikala

First Class Pyro-Events Alemaniako su etxeak lortu du Zilarrezko Maskorra. Ez da bereganatutako sari bakarra izan, ordea; izan ere, hasiera onenaren garaikurra ere hark irabazi du. Lehenengoz banatu dute aurten sari hori. Brontzezko Maskorra, berriz, Parente Italiako su etxeak lortu du. Hark ere sari bikoitza poltsikoratu du, epaimahai gaztearen garaikurra eman baitiote. Iñigo Pastoriza gazteen epaimahaiko kideak esan duenez, «sorta osoena» izan da su etxe italiarrarena: «Erabili dituen efektuak, altuera egokia, koloreak, erritmoa eta dotorezia hartu ditugu kontuan».

Lehiaketa amaituta, ikuskizun piromusikalarekin agurtu dute su etxeek aurten ere Aste Nagusia. Oraingoan, Goteborgs Fyrverkerifabrik Suediako piroteknia etxea arduratu da horretaz. Atzo jaurti zituen suak, Suediako eta Norvegiako musikak girotuta. Hogei minutu inguruko ikuskizuna izan zen, eta kolore eta leherketa ugarirekin eman zien amaiera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna