30.000 milioi euroren isunak 1990. urtetik hona

2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Googlek dauka errekorra Europako Batzordeak ezarritako isunetan, baina ez da lehiarako legeak urratzeagatik zigortu duten bakarra. Batzordeak berak egindako txosten baten arabera, 1990etik gaur arte, 30.000 euroraino iristen da isunen zenbatekoa. 870 zigor dosier hasi dituzte azken hiru hamarkadetan, eta sektore ugaritako enpresak izan dituzte jomugan. Karteletan antolatutako enpresek jaso dituzte zigorrik handienak.

2016an, esaterako, kamioi ekoizleen kartel bat zigortu zuten, Iveco, DAF, Volvo-Renault, Daimler eta MAN enpresek osatua. Hamabost urtez prezioak adostu izana leporatu zien batzordeko lehia komisarioak, eta ia 3.000 milioi euroko zigorra ezarri zieten, ordura arteko handiena —Googlek hautsi zuen marka hori, iaz—.

Beste sektore batzuetan ere izan dira antzeko praktikak; 2012an, esaterako, telebista ekoizleak zigortu zituen Bruselak. 1.409 milioi euroko isuna ezarri zien, besteak beste, LG, Samsung, Philips eta Panasonic enpresei, konpetentzia legeak urratuz prezioak adostu eta merkatua nahieran banatzeagatik. Hamar urtez aritu ziren horretan.

Bankuak ere ez dira atzean geratzen legez kanpoko praktika horietan. 2013ko isun batekin azalarazitako kasua da gaur arte oihartzunik handiena izan duena: EBko sei banku handiri Euriborra manipulatu izana leporatu zien batzordeak; hau da, ezkutuko kartel bat osatu, etabanku arteko erreferentzia tasari buruzko zer datu emateko asmoa zuten esaten zieten elkarri, kontsumitzaileen kaltetan.

Nagusiki, bi faktore hartzen ditu kontuan batzordeak isunen zenbatekoak kalkulatzeko: lehia hautsi duenaren salmentetan izandako eragin finantzarioa eta iruzurraren iraupena. Gehienez ere negozio bolumenaren %10 izan daiteke isuna, eta batzordeak bide bat baino gehiago ematen die enpresei murrizketak lortzeko. Bruselaren arabera, ezarritako isunen erdietan baino gehiagotan, diru sarreren %1 baino txikiagoak izan dira zigorrak. Zigor guztien %5 izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.