Albistea entzun

Pentsiodunak protestan

Kalean lehertu da ezinegona

«Pentsio duinen» alde eta %0,25eko igoeraren aurka, milaka pentsiodun atera dira kalera Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Bilboko kaleetan 35.000 pertsona bildu dira
Bizkaiko pentsiodunen plataformako eledunak pozik azaldu ziren pentsiodunen erantzunarekin, eta «historikotzat» jo zuten manifestazioa.
Bizkaiko pentsiodunen plataformako eledunak pozik azaldu ziren pentsiodunen erantzunarekin, eta «historikotzat» jo zuten manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Asier Arrate Iruskieta -

2018ko otsailak 23 - Bilbo

«Pentsio duin eta publikoen alde, ozen diogu: %0,25eko igoerarik ez». Pentsiodunak haserre daude pentsioek jasan dituzten erreformekin eta Espainiako Gobernuak ezarri nahi dien pentsioen %0,25eko igoerarekin. Atzo, ozen salatu zuten beren egoera Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egindako manifestazioetan. Milaka pentsiodun atera ziren kalera alderdi politiko eta erakunde publikoetako ordezkariei adieraztera «haserre eta nekatuta» daudela.

Pentsiodunek urtarrilaren 15az geroztik astelehenero egiten dituzten kontzentrazioetan bezala, atzoko manifestazioak udaletxeen atarietatik abiatu ziren. Bilbon, manifestazioa hasi baino ordu erdi lehenago, udaletxe aurreko plaza eta zubia gainezka zeuden. Bilboko erretiratuek ez ezik, herrietatik ere hiriburuetarako bidea hartu zuten hainbatek, manifestazioan parte hartzeko.

Han ziren Karmelo Andonegi eta Juan Ramon Santa Maria bermeotarrak. «Lotsagarria» iruditzen zaien egoera bat salatzeko asmoz joan ziren Bilbora: «50 urtez kotizatu dugu, eta dena ostu digute». Politikariei eskatu zieten «berba gutxiago egiteko, eta lan gehiago». Suminduta zeuden udaletxe inguruan bildutako erretiratuak. «Nahikoa da», «Utzi pentsioak bakean» eta «Lapur gutxiago, pentsio gehiago»-ren tankerako afixak nonahi ikus zitezkeen. Tartean, txorizo kordaren bat ere bai, politikarien arteko ustelkeria salatzeko.

Bilboko kaleak, kolapsatuta

Bizkaiko pentsiodunen plataformek deitutako manifestazioa 12:00etan zen hastekoa, baina, kalean bildutako milaka pertsonen artetik pasatu ezinik, manifestazio buruari kosta egin zitzaion martxa hartzea. Jende pilaketa gaindituta, azkenean abiatu ziren Pentsio publiko duinak. %0,25tik ez leloko pankartaren atzetik. Ibilbide osoan zehar manifestari gehiago batu ziren, eta, une batez, manifestazioa ez aurrera ez atzera geldituko zela zirudien. Antolatzaileen arabera, 35.000 pertsona bildu ziren Bilboko kaleetan. Bizkaiko pentsiodunen plataformetako kideak pozik ziren emandako erantzunarekin, eta «historikotzat» jo zuten atzoko mobilizazioa.

Kale Nagusitik jarraitu zuten, Moyua plazarantz. Ibilbidean barrena, behin eta berriz entzun ziren pentsio publikoen aldeko eta alderdi politikoen eta erakunde publikoen aurkako oihuak: «Lapurrak eta ustelak erakundeetatik kanpo», «Pentsiodunak aurrera» eta «Ez da dirua falta, lapurrak daude sobran». Txistu eta aldarriekin, «haserrea eta nekea» jakinarazi nahi izan zuten pentsiodunek.

%0,25eko igoeraren aurkako afixa bat paparrean eta txilibitua ahoan, Paki Serradilla bilbotarrak argi zuen atzoko manifestazioaren garrantzia: «Kalera atera behar da gauzak lortzeko; eserita ez dugu ezer aldatuko». Atzokoa ez dela azkena izango ere ohartarazi zuen: «Behar den guztietan etorriko gara». Hala ere, Serradillak, beste askok bezala, beste kolektibo batzuen falta sumatu zuen: «Gazteek ere etorri beharko lukete, egoerak horrela jarraituz gero ezer gabe geratuko dira eta», adierazi zuen.

Gainontzeko hirietan bezala, Bilbon ere Espainiako Gobernuak Moyua plazan duen delegazioan bukatu zen manifestazioa. Pentsiodunen aburuz, Espainiako Gobernua da pentsioen erosahalmenaren galeraren erantzulea, eta, horregatik, delegazioaren atarian salatu nahi izan zuten beren «egoera prekarioa». Bertan, gutunak itzuli zituzten, pentsioen %0,25eko igoeraz informatzeko Fatima Bañez Espainiako Lan ministroak pentsiodunei bidalitakoak.

Gutunak «sinbolikoki» itzultzeaz gain, adierazpen bateratua irakurri zuten pentsiodunen plataformetako ordezkariek Moyua plazan. Espainiako Gobernuaren eta alderdi politikoen jarrerarekin «nazkatuta eta gogaituta» daudela adierazi zuten. Pentsio «duin eta publikoen» alde eta %0,25eko igoeraren aurka zeudela azpimarratu zuten.

Pentsioen igoera «eskasari» dagokionez, gogoratu zuten 2022. urtera arte aurreikusi duela Espainiako Gobernuak %0,25eko igoera. Horren ondorioz, pentsioen erosahalmen galera %10era irits daitekeela salatu zuten. «Gobernuak aurreikusi dituen neurriak ezartzen baditu, are gogorragoa izango da egoera belaunaldi gazteentzat», nabarmendu zuten.

KPIa berreskuratzeko

Bañez ministroaren jarrera gogor kritikatu zuten pentsiodunek eledunek: «Jasanezina da ministroak esatea pentsiodunek ez dugula galdu erosahalmenik». Espainiako Gobernuari «gezurretan» aritzea egotzi zioten: «Pentsioak mantentzeko, hauek ezin dituztela igo diote; hala ere, estatuko aberastasuna krisi aurreko urteetako bera da, eta bankuen eta enpresa handien irabaziak etengabe ari dira igotzen».

Pentsio publikoen murrizketak aspaldi hasi zirela salatu zuten, eta Espainiako Gobernua pentsio publikoen aurkako «azken kolpea» prestatzen ari dela: «Kendu mozorroa, eta aitortu ezazue behingoz Gizarte Segurantza eta pentsioak pribatizatzea dela zuen asmoa».

Bizi duten egoera «prekarioa» dela eta, pentsiodunek eskatu zuten pentsioak KPIaren arabera gaurkotzeko, eta Europako Gutun Sozialak aholkatutako 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko. Mariano Rajoyren gobernuari ohartarazi zioten kalera ateratzen jarraituko dutela «pentsioen murrizketak eta %0,25eko igoera gelditu arte».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Langileak protestan, joan den astelehenean. ©DAVID AGUILAR / EFE

Gaur hirugarrenez daude grebara deituta Gasteizko Michelineko beharginak

Aitor Biain

Gasteizko fabrikako lan gatazkak beste taxu bat har dezake datozen egunetan. Orain arteko grebek ekoizpena guztiz geratzea lortu dute

Elkarretaratzea Ascobi patronalaren egoitzaren aurrean, Bilbon, ELAk deituta. ©Monika del Valle / FOKU

Sakabanatua baina arrakastatsua izan da Bizkaiko eraikuntzako lehen protesta eguna

Maddi Iztueta Olano

CCOOren arabera, lantaldearen %80k hartu du parte bost orduko etenaldian. ELAk egun osoko grebara deitu du. Mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute, KPIaren araberako soldata bermatu arte.

LKS Nexten eraikina. ©Mondragon Korporazioa

LKS Next aholkularitza taldeak 53 milioi fakturatu ditu 2022an

Maddi Iztueta Olano

Mondragon kooperatibako taldearen salmentak %28,8 handitu dira hiru urtean, eta ia berrehun langile gehiago ditu.

Langile talde bat, Bilboko portuan dagoen enpresa batean ©Marisol Ramirez (Foku)

Euskal enpresek ezkor begiratzen diote hirugarren hiruhilekoari

Jokin Sagarzazu

%23,7k soilik espero dute salmentak hobetzea. Hala ere, enplegua egonkor mantenduko dela uste dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.