EAJk dio «legea aplikatzea» baino ez duela bilatzen presoen auzian

Urkulluk eta Ortuzarrek esan dute ez direla «ohiz kanpoko ezer» planteatzen ari. PP eta C's edozein «abantailaren kontra» azaldu dira
Florencio Dominguez, Marta Buesa eta Jesus Loza, atzo.
Florencio Dominguez, Marta Buesa eta Jesus Loza, atzo. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE

Gotzon Hermosilla -

2018ko ekainak 30
Espainiako espetxe politikan aldaketak gertu egon daitezkeela adierazten duten zantzu gero eta ugariagoen aurrean, EAJk bere jarrera argitu nahi izan du: ez dute presoentzat «abantailarik» edo «saririk» nahi, «legea aplikatzea» baizik. Hori esan dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen bileraren atarian egindako adierazpenetan, eta EAJren EBBren presidente Andoni Ortuzarrek ere, TVEri emandako elkarrizketa batean.

Urkulluk esan du joan den astelehenean Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin izandako bileran «legea betetzeko» eskatu ziola. «Gakoa legea betetzea da, eta ez salbuespen ikuspegi batetik kudeatzea», azaldu du. Haren ustez, errealitatea desberdina da «ETA desegin aurreko egoerarekin» alderatuta, eta gizartea ere «aspalditik» ari da aldaketa bat eskatzen arlo honetan.

Horrez gain, badaude «premia handiagoz» heldu beharreko gaiak, Urkulluren ustez: gaixo handi diren presoen egoera, adinekoena eta zigorraren zati handi bat bete dutenena.

Antzera mintzatu da Ortuzar TVEk egindako elkarrizketan. Esan duenez, euskal presoak Euskal Herrira gerturatzea eta graduz aldatu ahal izatea ez da «ohiz kanpoko ezer», zigor kodea aplikatzea baizik.

«Aro honetan egin beharrekoa da ETAko presoak gainerakoak bezala tratatzea, alegia, indarrean dagoen zigor kodea aplikatzea. Inork ez du eskatzen legea aldatzea, edo onurak eta grazia neurriak ezartzea; eskatzen den bakarra da, legean agertzen diren baldintzak betez gero, lege hori beste edozein presori bezala aplikatzea», azaldu du.

PPren jarrera

Ortuzarrek eskatu dio PPri «ahalegin bat» egiteko gaia eztabaida politikotik ateratze aldera, eta iradoki du Espainian gobernu aldaketa gertatu izan ez balitz, PPren gobernuak ere urratsen bat egingo zukeela espetxe politikaren arloan. «Gu PPrekin hitz egiten aritu gara», esan du, «eta badakigu mugimenduak egongo zirela, seguru asko beste modu batez, bestelako erritmo eta prozedurekin, baina PPk eta haren gobernuak bazekiten gai hori mahai gainean zutela».

Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari berri Jesus Lozak ere «kontsentsuak lortzeko deia» egin dio PPri, «bizikidetza eraikitzeko indar politiko guztien adostasuna ezinbestekoa delako».

Baina oraingoz dei horiek ez dute arrakasta handirik izan. PPko eledun Rafael Hernandok esan du PP «edozein espetxe onuraren kontra» borrokatuko dela, eta Ciudadanoseko Melisa Rodriguezek «lotsagarritzat» jo du «ETAko presoei abantailak emateko ituna».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna