Interdependentziaren bidea

Madrilekiko dependentzia dela-eta botere judiziala, segurtasun sistema eta, oro har, egungo autogobernua garatzeko tresna «eraginkorrik» ez dagoela ondorioztatu dute adituek. Gobernantza eredu berri baten alde egin dute.

Mikel Legarda, Enoch Alberti, Beatriz Akizu, Juanjo Alvarez eta Joxerramon Bengoetxea, atzoko ikastaroan. J.C RUIZ / FOKU.
Donostia
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun

Estaturik gabeko nazioen botere egiturek —politikoek, judizialek eta segurtasun mailakoek— garatzeko dituzten arazoez aritu ziren atzoko hiru mahai inguruetatik lehenengoan, Badu kosturik Euskadirentzat Espainiarekiko duen dependentziak? izenburu duen EHUko udako ikastaroan. Euskal Herriko egungo gobernantza ereduez eta Madril eta Bruselarekiko dependentziaz hitz egin zuten EHUko irakasle Juan Jose Alvarezek eta Joxerramon Bengoetxeak, Bartzelonako Unibertsitateko Enoch Albertik, eta Mikel Legarda EAJko diputatuak, Beatriz Akizu Eusko Ikaskuntzako kidea moderatzaile zutela.

Alvarezi eskatu zioten zuzenbidea eta politika lotzeko, 1982. urteko Prozesu Autonomikoaren Harmonizazioko Lege Organikoa (LOAPA) dela-eta Espainiako Konstituzioari buruz eginiko berrazterketa oinarritzat hartuta. Irakasleak azaldu zuen Espainian joera dela legea makurtzea politikaren beharretara. Zuzenbidearen eta politikaren arteko harremanak «elkarrekiko konfiantza eta leialtasuna» eskatzen dituela adierazi zuen, eta kritikatu Espainian egon diren agintariek bere interesen arabera erabili dutela hori.

Autogobernuari erreparatuz, esan zuen «etsigarria» iruditzen zaiola legeen sistema propioa ez izatea, eta ohartarazi zuen Espainiako Estatuaren barruan eskubide historikoak dituzten lurraldeentzat «alferrikakoa» dela egungo sistema. Uste du, baina, Espainiako Konstituzioa eta eskubide historikoak errespetatuz «eredu propio bat» egin daitekeela, eta hori dela egin beharrekoa.

Estatu egituren beharra

«Estatua izatean edo ez izatean dago ezberdintasuna. Guztia duzu edo ezer ez». Esaldi horrekin hasi eta bukatu zuen bere hitzaldia Albertik. Nazio bat estatu baten menpe baldin badago, bere botere egiturak oso mugatuta direla azaldu zuen, eta gaineratu zuen egitura horiek gabe «hutsala» dela bere presentzia nazioarteko erakundeetan. Estatua, Albertirentzat ,«ez da independentzia soilik, nazioarteko komunitatean parte hartzea ere bada».

Bengoetxeak, berriz, gobernantza zer den definitu zuen, eta menpeko gobernantzaren aurrean interdependentziak izango lituzkeen onurak aztertu zituen. Esan zuen gakoa dela elkarrekiko dependentziak artikulatzen jakitea, eta horren araberako gobernantza eredu propio bat sortzea.

Gobernantzak hiru funtzio dituela azaldu zuen Bengoetxeak: gobernua hobetzea, gobernu faltari erantzutea, eta gobernua osatzea. Hego Euskal Herriko eredu «federalak»erantzungo lieke lehen eta hirugarren beharrei. Ipar Euskal Herriko elkargoak, berriz, bigarrenari. Horren harira, ETAren armagabetzean gizarte zibilak hartutako erantzukizuna azpimarratu zuen. Aurrera begira, Bengoetxearentzat «ideala» izango litzateke euskal herrialdeen arteko interdependentzia artikulatuko lukeen administrazio bat sortzea.

«Dependentziaren kostuak ez digu uzten interdependenteak izaten», adierazi zuen, berriz, Legardak, mahai inguruko azken hitzartzean. Segurtasun politikoaren eta digitalaren alorretatik aztertu zuen gaia. EAEko segurtasun sistema Espainiako Estatuaren kanpo politikaren menpe dagoela azaldu zuen; nazioarteko beharren arabera antolatzen dela eta hori Madrildik bideratzen dela. Adierazi zuen teknologia berriekin handitu egin dela arazoa, «espazio digitala» ez baitago lurralde jakin batean, eta horrek polizien lana zailtzen duela, ezin baitute beren konpetentzia diren gai batzuetan esku hartu. Legardaren ustez, gakoa da interesak kudeatzeko eremu komunak sortzea.

Euskal estatuaren beharra ikusten du Ibarretxek, Madrilen «ukazioagatik»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.